“Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” antzerkia izango da igandean Gasteizen

Liburuen eta bizitzaren arteko lotura erakusten du obrak.

Harkaitz Cano idazlearen liburuan oinarritutako Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez ikuskizuna taularatuko da igandean, Gasteizko Principal Antzokian,  Obra honek "pozez betetzen gaituen espazio boteretsu" gisa aldarrikatzen du liburutegia, "begirada zabaltzen, elkar ezagutzen eta hobeto bizitzen laguntzen digun espazioa". 

Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak. Urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.

Obrari buruz azaldu dutenez, "aitaren eta alabaren arteko komunikazio-haustura, pixkanaka ehuntzen joango da literatura-aipuen, kontakizun laburren eta aitak alabari bikarioki eta liburuzainaren laguntzaz helarazten dizkion poemen bitartez. Horrela, helduen munduak hari baten muturra eskainiko dio neskatoari eta hark tira egingo dio bere ondorioetara iristeko. Partekatutako istorio txiki horien bidez, bideak ibilgarriago bihurtzen dira, eta mundua irakurterrazago, ibiltzea eta irakurtzea, funtsean, gauza bera direla erakutsita". Hainbat egileren testu txikiak harilkatuko dituzte, hala nola Jutta Bauer, Sylvia Plath, Julio Cortazar edo Chinua Acheberenak. 

Harkaitz Cano da egilea eta Fernando Bernues arduratu da zuzendaritzaz eta espazio eszenikoaz. Antzezleak, berriz, Miren Arrieta, Sara Cozar eta Asier Hernandez dira.

Bi saio egongo dira igandean: bata, 18:00etan, eta, bestea, 19:30ean. Bi emanaldiak euskaraz izango dira.