“La Pollak eguneroko bizitza ulertzeko giltza eman dit eta Oteizak euskaldun existentzia barneratzeko”

“La Pollak eguneroko bizitza ulertzeko giltza eman dit eta Oteizak euskaldun existentzia barneratzeko” Ion Martinez “Txiki” Esnaola (Donostia, 1980). 2002. urteaz geroztik bakarrizketa saio umoretsuak egiten ditu Euskal Herri osoko taberna, gaztetxe eta kultura-etxetan zehar. Orain aste batzuk GAZTEAtik ateratako audio bati esker eta WhatsApp bidez, euskaldunon poltsiko guztietara heldu zen: “ Zein da Euskal Herriko herririk merkeena? An doain!...zein da...” zioen. Bere ibilbideaz eta euskaldunok gustuko dugun umore motaz hitz egiteko berarekin elkartu gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cla-polla-k-eguneroko-bizitza-ulertzeko-giltza-eman-dit-eta-oteizak-euskaldun-existentzia-barneratzeko201d/@@download/image/txiki.jpg
2019/04/15

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Ion Martinez “Txiki” Esnaola (Donostia, 1980). 2002. urteaz geroztik bakarrizketa saio umoretsuak egiten ditu Euskal Herri osoko taberna, gaztetxe eta kultura-etxetan zehar. Orain aste batzuk GAZTEAtik ateratako audio bati esker eta WhatsApp bidez, euskaldunon poltsiko guztietara heldu zen: “ Zein da Euskal Herriko herririk merkeena? An doain!...zein da...” zioen. Bere ibilbideaz eta euskaldunok gustuko dugun umore motaz hitz egiteko berarekin elkartu gara.
“La Pollak eguneroko bizitza ulertzeko giltza eman dit eta Oteizak euskaldun existentzia barneratzeko”

Ezagutzen ez zaituenarentzat; aurkeztu zeure burua mesedez...
Kaixo Ion Martinez naiz, “Txiki” ezizenez. Euskara eta euskal kultura oso presente daude nire bizitzan, alde batetik sortzaile bezala eta bertzetik ikusle eta jarraitzaile bezala.

Nola hasi zinen antzerki eta bakarrizketen munduan?
2002. urtean hasi nintzen umorezko bakarrizketak egiten eta sei urte ondoren, hainbat ikastaro tarteko, antzerkia munduan murgildu nintzen. 2010. urtean berriz, Aldatzen Laguntzen antzerki taldea sortu nuen eta lehen antzezlana taularatu nuen Alex Tello antzerkilariaren laguntzaz.

Nola definituko zenuke zeure burua; zer zara aktorea ala komikoa?
Lehenik eta behin euskal sortzailea naizela esango nuke, euskaraz eta euskal kulturaren esparruan sortzen baitut, izan bakarrizketak, zein antzezlanak. Egia da, bakarrizketetan komiko gisa ere agertzen naizela, naturaltasunez; eta antzezlanetan, aktore paperetik gehiago.

Zerk inspiratzen zaitu, nondik ateratzen dituzu ideiak?
Uste dut sentsibilitate handia dudala gure herriko gizartean gertatzen diren biziera eta kalapitekin, eta askotan, nahiz eta umorezko gauzak idatzi bakarrizketak bezala, edo umore absurdoz jositako Amets Zirkua Salgai antzezlana bezala, badira mezu sakonak ere umore tarte askotan. Umorea eginez ere gauza asko konta daitezkeelako.

Oteizaren paperean murgildu zinen antzezlan batean, zergatik aukeratu zenuen pertsonaia hori?
Bi gauza garrantzitsu ekarri dizkidan papera izan delako. Alde batetik, Oteizaren munduan murgiltzeak, euskal izaera eta izana ulertzeko balio izan dit. Eta bestetik, aktore moduan, opari eder asko eman dizkidalako: Iruñeko Baluarten aritzeko aukera, Oteiza museoan edota Donostiako Kafe Antzokian Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin batera. Beti diot, La Pollak eguneroko bizitza ulertzeko giltza eman didala eta Oteizak aldiz euskaldun existentzia barneratzeko.

 

"Beti esan ohi dut KM0 umorea lantzea gustatzen zaidala; Gertukoa, sanoa eta bertako erreferentziak erabilita. Ez baita berdina jaietako parranda bati buruzko bakarrizketa bat egitea hemen edo Madrilen."

 

Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Euskal Herrian, erreferentzia asko erabiltzen ditut, bai musikariak, antzerkilariak baita ezagutzen dudan hainbat jende ere, batzuk aipatzekotan: Ander Lipus, Dejabu Panpin laborategia, Futx anaiak edota Kulunka. Estatuan zehar dauden antzerki taldeen antzezlan asko ikusteko ohitura dut, eta kasu horretan Cuarta Pared, Titzina, La Zaranda, Teatro Kamikaze, Leo Bassi, Faemino y Cansado, Animalario eta abar. Bakarrizketaren munduan Goyo Jimenez eta El Brujo izugarriak iruditzen zaizkit.

Inoiz ikusi duzun bakarrizketarik onena?
Stand Up Comedy formatuan Goyo Jimenez-en Made in Spain ikuskizuna eta antzerkian Ander Lipusen Zapatrusta obra, ikaragarriak.

Umorearekin jarraituz, inoiz ikusi duzun filmik dibertigarriena?
The Little Miss Sunshine (2006, Valerie Faris, Jonathan Dayton). Gainera zinemaldian ikusi nuen estreinatu zuten urtean, gauean bi pelikula ondoren eta sekulako txizaguraz; zein opari ederra jaso nuen.

 

Urte asko daramazu umorearen arloan lanean, baina badirudi WhatsApp bidez biralizatu zen audio batek jarri zaituela azken asteotan erakusleihoan...
Bai, hala da. Askotan ez da jakiten zergatia, ezta nola ere. Emanaldi ugari egin ditut Barrez Blai! bakarrizketarekin, hamaika herritan, baina irratian hori kontatu, eta hara! nahita saiatuta ere gertatuko ez zena modu naturalean gertatu da. Ederrena baina jendea euskarazko umorea entzuten ikustea da, barrez eta algaraka, lagun artean partekatzen eta herri gehiagorekin jolastean aritzea izan da.

 

"Emanaldi ugari egin ditut 'Barrez Blai!' bakarrizketarekin, baina irratian hori kontatu, eta hara! nahita saiatuta ere gertatuko ez zena modu naturalean gertatu da".

 

Sentitzen duzu frustragarria dela “audio sinple” batek urte askotan egindako lan mordoa baino irismen gehiago izatea? Ala ez da horrela izan?
WhatsApp bidez biralizatu den audioarekin gertatu dena ez nuke frustragarria denik esango, naturalki eta positiboki gertatu dela uste baitut, gainera, euskaraz sortutako umoreaz ari gara. Pena handiagoa ematen dit hamazazpi urte Euskal Herriko hamaika txokotan ibili ondoren, antzezlan edo bakarrizketa berri bat sortzen dudanean, egin behar den lanketa handiak: herriz herri berriz ere kontaktua egin, komunikabideetan sorkuntza lan berria aurkeztu, edo honelako elkarrizketa bat lortzeko, kasu.

Zure emanaldietan inprobisaziorako tartea dago ala dena azken muturreraino zaintzen duzu aurretik?
Umorezko bakarrizketak sortzeko buelta asko eman behar zaizkio testuari; mila bider irakurri, umore puntu berriak sortu eta testuan hauek kokatu, moldatu eta aldatu adibidez. Azken bakarrizketaren hamabi bertsio ere izan ditut. Testua itxita eta menderatua izan arren, baina bakarrizketan zehar inprobisaziorako zatiak izaten dira, zuzenekoan gertatzen denaren arabera. Azkena, Donostiako El Muro tabernan gertatu zitzaidan: ikusleetako bat ume jaio berri batekin zegoen besoetan, honen negarrak entzun eta Andoaingo erregeen gaia atera nuen bat-batean. Batzuetan horrelako gauzek saioa asko girotzen dute.

Ze umore mota da euskaldunon artean hobekien funtzionatzen duena?
Nire kasuan beti esan ohi dut KM0 umorea lantzea gustatzen zaidala. Gertukoa, sanoa eta bertako erreferentziak erabilita. Ez baita berdina jaietako parranda bati buruzko bakarrizketa bat egitea hemen edo Madrilen. Hemen txosnak aipa ditzakezu, txarangak, blusa arteko bazkariak, gazte egunak, musika, kontzertuak, gaztetxeak eta abar. Buruari eragiten sortzen dira gauzak, hemen asko ditugu.

Eta okerren?
Gaur egun, akatsik ezin dugu egin edo ezin gara politikoki okerrak izan, hala dirudi behintzat. Baina lehenik eta behin publikoarekin lotura lortu behar da, hortik aurrera askoz lasaiago aritzen naiz. Egia da bestalde, urteen poderioz badakizula zer, non, noiz eta nori aipatu. Hala ere, ez dut une desatseginik bizi izan.

Orain urte batzuk hasi zinenean, gaur egungokoarekin alderatuz, zer aldatu duzu zure bakarrizketetan (gaiak, tonua...) ?
Urte hauetako aldaketa handiena nirekiko konfiantza izan da, eta lan egiteko modu bat ere landu dut. Lehenengo testuari mila buelta ematen dizkiot. Testurekin erabateko Konfiantza dudanean, gag ugariz beteta dagoela dakidanean frogatzen joaten naiz herri herri, ikuslegoarekin dudan feedbacka sentituz. Ondoren ahalik eta gehien gozatzea da helburua. Orain bakarrizketa berriarekin oso pozik nago badakidalako oso ongi funtzionatzen duela, eta hori pentsatuz aitzina nekatu arte.

 

"Inoiz ez dut telebistako bakarrizketetan agertzen diren gizon zein emakume estereotipo markatuen gainerako umorerik egin, horietaz paso egiten dut eta egunerokotasunean bilatu dut umorea, baita nire baitan ere".

 

 Sentitzen duzu lehen libreki esaten zenituen gauzak orain bi aldiz pentsatu behar dituzula? Noiz zinen politikoki zuzenagoa lehen ala orain?
Inoiz ez naiz izan umorea mugaraino eman duen horietakoa, umoreak, beste hainbat esparruen gisan, mugak ere badituelako noski. Inoiz ez dut telebistako bakarrizketetan agertzen diren gizon zein emakume estereotipo markatuen gainerako umorerik egin, horietaz paso egiten dut eta egunerokotasunean bilatu dut umorea, baita nire baitan ere.

 

Beste arloetan existitzen den parekidetasun eza dago umorearen mundan?
Umorea zein bakarrizketak, antzerkiaren barruan uztartzen dira eta izan antzerkian zein beste arte espresio ezberdinetan, egungo gizartearen isla diren heinean, badira hainbat desoreka. Hala ere, zenbait kontu ari dira aldatzen eta emakumeek bere espazio propioak edo ekitaldi propioak ere sortzen ari dira. Izan ere, umorearen mundua , antzerkiarena orokorrean, ez da erraza eta antzerki bikote den Saioari edo niri, berdin kostatzen zaigula emanaldiak lotzea eta egitea.

Etorkizunean zer?
Une honetan hainbat konturekin nabil esku artean. Alde batetik, otsailean Donostiako Poltsiko Antzerkian estreinatu nuen 40 urte ta Aldapan Behera Niek bakarrizketarekin ari naiz. Hainbat emanaldi lotuak ditut jada, baina gehiagora iristea espero dut.

Bestetik, Nafarman izeneko pertsonaiaren hainbat bideo laburren zabalpenarekin nabil. Inazio Carrera kameragilearen eta bion artean sortutako proiektua da eta bi urteko lanaren ostean duela gutxi jarri ditugu sarean ikusgai.

Eta etorkizunera begira ere banabil. Aldantzen Laguntzen taldearen baitan, Saioa Royo eta biok antzezlan berri baten prestaketan gabiltza. Emakumeen gaineko erasoak, bortxaketa fisikoak, psikikoak edota judizialak salatu nahi ditugu. 2020. urte hasieran estreinatu nahiko genuke baina prestaketa zaila izaten da (entseguetarako leku bat topatu, argiztapen eta musika frogak …) Hala ere, lehen antzezlanarekin bezala gogotsu gaude, berezia zein bortitza izatea nahi dugulako bai guretzat, baita ikuslearentzat ere.