“Ilustratzailea izateko ausarta izan behar da ala burutik jota egon; nire kasuan bigarrena...”

“Ilustratzailea izateko ausarta izan behar da ala burutik jota egon; nire kasuan bigarrena...” Geurea, erraldoien lana egiten duten artistaz osaturiko lurraldea da. Orotariko ilustrazioak landu eta hamaika toki zein gai irudien bitartez transmititzeko gai diren itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Lehen gonbidatua Paula Estévez (Donostia 1984) ilustratzaile eta komikilaria dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cilustratzailea-izateko-ausarta-izan-behar-zara-ala-burutik-jota-egon-nire-kasuan-bigarrena.201d/@@download/image/paulaestévez_cáñamo_azala.jpg
2019/05/27

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Geurea, erraldoien lana egiten duten artistaz osaturiko lurraldea da. Orotariko ilustrazioak landu eta hamaika toki zein gai irudien bitartez transmititzeko gai diren itsasargi baliotsuak dira, baliabide eskas eta ilusio handiz aurrera egiten dutenak. Atal honetan beren lana ezagutzera emango dugu. Lehen gonbidatua Paula Estévez (Donostia 1984) ilustratzaile eta komikilaria dugu.
“Ilustratzailea izateko ausarta izan behar da ala burutik jota egon; nire kasuan bigarrena...”

Nola gustuko duzu zeure burua aurkeztea?
Ilustratzaile eta komikilari bezala.

Arte Ederrak ikasi zenituen, argazkigintzan eta ikus-entzunezkoetan espezializatuz. Ikasketak amaitu ondoren Berlinera joan zinen eta han ekin zenion marrazteari. Argazkigintza eta ikus-entzunezkoak zergatik baztertu zenituen?
Arte Ederrak hasi baino lehen, batxilergo artistikoan nenbilenean, argi neukan ilustrazioa zela nire bidea. Ikasketak egin nituen garaian ez zegoen ilustrazioan espezializatzerik, beraz beste zerbait aukeratzea behartuta ikusi nintzen. Diseinuan espezializatzeko gomendatu zidan norbaitek, baina matrikula egiterakoan ordutegiak koadratzeko arazoak eduki nituen eta azkenean argazkigintza eta ikus-entzunekoetan espezializatu nintzen. Dena den esan behar dut hauek ez ditudala inoiz guztiz baztertu, ez ditut profesionalki lantzen, baina nire bizitzaren parte dira.

Zer da bertan ikasi zenuen gauzarik baliagarriena?
Nire lanak teorikoki argumentatzen ikasi nuela esango nuke, hau da, egiten dudana zergatik egiten dudan azaltzen ikasi nuen.

 

Autoekoizpenean ere indar berezia jartzen duzu ezta? Zergatik? 
Bai, Guillotina Donostiako auto-edizio topaketaren sortzaileetako bat naiz ere.Autoekoizpena norberaren lana ingurukoekin banatzeko era bat da, bat-batekoa, merkea eta inongo mugarik gabekoa. Egiteko era baten eta ideologia baten erakusgarri da gainera eta pertsonen arteko loturak sendotzen dituela ere esango nuke, gaur egun oso beharrezkoa dena.

Nola dago baloratua zuen lana gaur egun?
Ekonomikoki ez dago batere baloratua. Hasteko, ez dut uste beste lanbiderik dagoenik non doan lan egiteko eskaintzak jasotzen diren behin eta berriro, ezta kultura arloko beste lanbideetan ere. Gainera, ordaindutakoan ere gaizki baloratzen da gure lana. Adibidez: marrazkilari batek hilabeteak eta urteak pasa ditzake eleberri grafiko bat egiten, liburua argitaratu eta sona handia izani arren, asko jota hiru hilabeteko soldata izango litzatekeen ordaina jasoko du lan horren truke. Horregatik, marrazkilariak, artista gehienak bezala, diru-laguntzen bila ibiltzera behartuta gaude, hau ere, diru-laguntza jaso ezean, ordaindu gabeko lana. Agian idazleen lanarekin alderatu daiteke, hori bai, haien izena lehenengoa azaltzen da liburu azal guztietan... -barreak-

 
Nolakoa da Euskal Herrian ilustratzaile izatea?
Aurreko galderaren erantzunean ikusi daitekeen bezala, ez da erraza. Nik diot ilustratzailea izateko ausarta izan behar dela, edo burutik jota egon. Hirugarren aukera jaraunspen itzela bankuan gordeta edukitzea da. Nire kasua bigarrena dela susmatzen hasia naiz, fakturak ordaintzeko beste lan bat baitaukat eta handik ateratzerakoan egiten ditut ilustrazio lanak.

Beste toki batean baina zailtasun handiagoak daudela uste duzu?
Uste dut Euskal Herrian irudiaren kultura gutxi dagoela orokorrean eta hau kontserbadorea dela. Beraz hemen molde zehatz batzuekin haustea zailagoa da eta esperimentaziorako leku gutxi dago.

 

"Uste dut Euskal Herrian irudiaren kultura gutxi dagoela orokorrean eta hau kontserbadorea dela."

  

2017an Etxepare saria ere irabazi zenuen Ainara Azpiazu Axpirekin batera egindako Arraroa haurrentzako albumarekin, nola jaso zenuen albistea? Bultzadarik eman zizun sari horrek?
Poz handiz jaso nuen albistea eta izugarrizko bultzada eman zidan! Nire fanzineetatik at, nire lanak bere lekua aurkitu zezakeela sinestarazi zidan.

Sare sozialak ezinbestekoak dira zure lana ezagutarazteko?
Bai, baina bizi daiteke sare sozialik gabe, noski, horrela izan da mendeetan zehar. Internetek erraztu egiten dit nire lana ezagutzera ematea, gehien bat eremu geografiko honetatik kanpo gelditzen direnekin. Baina Oki Moki, nire musika taldearen kontzertu batera gerturatzen den edonork nire fanzineak han aurki ditzake ere.

 
Orain arte egin dituzun lan guztietatik zeinek uste duzu transmititzen duela hobekien zure nortasuna?
Berria egunkariarentzat iaz Eider Eibar ilustratzaileari elkarrizketa bat egin eta komiki bihurtu behar izan nuen. Komikizketa izeneko lan hura berezia izan zen niretzat, nire lana eta nortasuna ondo transmititzen duela iruditzen zait.

 

"Egunero korrontearen kontra bere bidea egiten saiatzen diren pertsonak dira nire erreferenteAK"

 

Nolakoa da testu bat ilustratzearen prozesua?
Ilustratu beharreko testua bizpahiru aldiz irakurri eta gero, zerrendatu egiten ditut testuko kontzeptu garrantzitsu eta interesgarrienak. Orduan hasten naiz bozetoak marrazten, kontzeptu hauek irudikatzeko era egokiena aurkitu arte.

Erreferenterik baduzu?
Bai, asko. Egunero korrontearen kontra bere bidea egiten saiatzen diren pertsonak dira nire erreferente. Horien artean emakume komikilariak bereziki: Ana Galvañ, Cristina Daura, Conchita Herrero, Lee Lai, Kelsei Wroten... eta Tupust taldeko nire kide guztiak!

Zein izango litzateke gustuen egingo zenukeen ilustrazio lana?
Ez nuke jakingo esaten, baina gustatuko litzaidake berriro ere idazle batekin album ilustratu batean elkar lan egitea eta martxan dauzkadan bi eleberri grafikoren bat aurrera atera ahal izatea.

Ze tresnak erabiltzen dituzu marrazteko? 
Digitalki egiten dut lan gehienetan. Arkatzez egindako bozeto batetik abiatuz Ipad edo tablet grafiko batekin, Photoshop edo antzeko programekin osatzen dut marrazkia azken emaitza lortu arte.

Non ikus daitezke zure lanak?

Nire web orrian www.paulaestevez.com eta Instagramen.