“Greenwashing”: Zer da eta nola identifikatu erakunde batzuen zurikeria

Gizakia izatea XXI. mendean, kontsumitzaile izatea da (beste gauza askoren artean, noski). Horregatik erakundeen jomuga izaten gara, euren produktu eta zerbitzuetara erakarri nahi gaituzte eta. Guk dugu boterea ordea, gure erosketa erabakiekin. Hori argi dute, eta horregatik gure gustuak, lehentasunak, iritziak, jokabideak… aztertzen dituzte, euren sareetan eror gaitezen.

Aldi berean, ingurumenarekiko kontzientzia gure gizartean indar handia hartzen ari den balorea da eta erakundeak horretaz ere ohartu dira. Hor sortzen da helburu komertziala duen marketin jokoa, greenwashing bezala ezagutzen dena. 

Zer da greenwashing-a?
Marketin tresna bat da. Erakundeek ingurumenarekin errespetagarriak direla saltzen dute, baina benetan ez dira. Zurikeria da nagusi greenwashing-ean eta uste duguna baino gehiagotan jotzen digute adarra. 

Terminoa Jay Westerveld ekologistak sortu zuen 1983an. Unibertsitate garaian surfa egitera Fijira bidaiatu zuen eta bertan uharteko resort batzuen kartela ikusi zuen. Bezeroei toallen erabilera murrizteko deia egiten zien, ingurumenaren mesedetan. 

Iragarkiak ikasle gaztearen arreta bereganatu zuen: resortak bere bezeroak planeta babestera animatzen zituen bitartean, hedapen politika mantentzen zuen atzetik, irlaren ekosistema arriskuan jartzen zuena. Praktika modu horri greenwash izena jarri zion, hau da, “garbiketa berdea”. Hotel kate horien irudi ekologista faltsua salatu zuen modu horretan. 

Nola ezagutu erakundeek egiten duten zuriketa ekologista
Zaila da jakitea zein puntaraino dagoen erakunde edo organismo bat ingurumenarekin konprometitua. Bere lelo erakargarrietatik haratago ez badugu sakontzen ez dugu ezer arrarorik nabarituko. Alta, zeinbait kasuk alarma piztu behar liguteke. Hona hemen Understanding and Preventing Greenwash: A Business Guide gidak bildutako batzuk: 

- Baieztapen orokorrak: “%100 naturala”, “ecofriendly” edo “ingurumena errespetatzen du” bezalako lelo orokorrek hizkuntza neutroa erabiltzen dute eta azalpen batekin batera ez badatoz alarma piztu behar litzaiguke.
- Ez fidatu informazio zehaztugabeaz. Erakunde bat benetan garbia bada informazio ugari eskainiko du berau frogatzeko.
- Zerbait produktu berde bezala saltzen badizute arreta jarri. Hau maiz agertzen da kosmetiko eta garbiketa produktuetan. Kolore berdeak eta irudi deigarriak erabiltzen dira ideia indartzeko. Irudiaren atzean zer dagoen ikertu behar dugu, normalean oso kutsakorrak diren substantziak kimikoak egoten baitira produktu horien ekoizpenaren atzean.
- Gehien kutsatzen duten erakundeak dira, iragarkien bidez, euren irudia zuritu nahi duten lehenak. Ekitaldi berdeak sustatu ohi dituzte edo euren ontziek duten plastiko birtziklatu portzentaia erakutsi ohi dute.
- Erakunde batzuek dituzten zigilu ekologiko batzuk ez dira baliozkoak. Batzuk euren zigilu propioa sortzen dute. Horregatik, funtsezkoa da akreditazio ofizialak zein diren ezagutu eta identifikatzea.
- Produktu baten osagaiak zein diren irakurtzeak ere greenwashing-a azaleratu lezake. Natural eta ekologiko moduan saltzen badute ere, ondoren bere osagaietan elementu kimikoak azaltzen badira, ez da ekologikoa.
- Jargo teknikoa erabiltzeak, erabiltzaile ohikoarentzat ulertezina dena, hau da, zientzialari edo aditu batek soilik ulertu lezakeena erabiltzea ere zuriketa modu bat da. 

Marketin berdea eta greenwashing-aren arteko ezberdintasuna
Berdina dirudite baina ez dira. Marketin berdea aplikatzen duten erakundeek praktika zintzo eta gardenak burutzen dituzte eta honako kriterioak erabiltzen dituzte:
- Modu jasangarrian ekoitzia dago.
- Birziklatu liteke edota birziklatutako materialekin sortuta dago.
- Beharrezkoa den materiala soilik erabiltzen du ontziratzerakoan.
- Material kutsakorrak ez ditu erabiltzen.
- Konpontzeko pentsatua dago, ez erabili eta botatzeko.