“Altsasu: Gau Hura”: Altsasuko auzia eta bizipenak dokumental batean bilduko dira
Verkami atarian “crowfunding” kapaina martxan jarri dute lelo honekin: «Terrorismo bilakatutako parranda gau bat. Bizitza osoa kartzelan pasatzeko arriskua. Arrisku horren erraietatik grabatutako dokumental bat».
Altsasuko auziaren jarraipena egin dute Amets Arzallus eta Marc Parramonek azken hiru urte hauetan. “Altsasu: Gau Hura” dokumentala da lan horren emaitza eta maiatzaren 22an estreinatuko da Bartzelonan protagonisten bizipenak “eskala txikira ekarriz”.
Gau batean guztia aldatu zen. Lanean ari ez ziren bi guardia zibil eta Altsasuko hainbat gazteren artean liskarra izan zen taberna batean. Horrek mota guztietako lerroburuak sortu zituen, mobilizazio erraldoiak… baina batez ere, gazte batzuen bizitza erabat aldatu zen istant batean. Dokumentalak, kronologia hori jarraitzen du hari narratibo moduan eta arazoaren hastapeneko gertaera da “Gau Hura”.
2017an hasi ziren dokumentalean lanean Arzallus eta Parramon. Euskal Herriko gatazka armatu baten «harien inertziak» ikusten dituzte egileek kasu honetan. «Baina euskal gatazkaz haratago Altsasuko auziak baditu jendarte osoari eragiten dioten korapiloak: terrorismo kontzeptuaren erabilera extentsiboa, Gobernuaren autoritate gero eta handiagoa, botere judizialaren eta Poliziaren arteko lotura... Altsasun, Minneapolisen, edo Istanbulen, bada mundu guztia lotzen duen soka bat: indar armatuen aurrean herritar arruntak bizi duen indefentsioa». Hau guztiaren begirada intimo bezain poetikoa landu nahi izan dute. Hori dela eta, dokumental honek istorio honen parte diren batzuen hiru urteko jarraipena egin du, hauen egunerokotasunean sartuz.
Aipatu bezala, dokumentala maiatzaren 22an estreinatuko da Docs Barcelona jaialdian eta ondoren nazioartera zabalduko da. Horren ondoren iritsiko da Euskal Herrira oraindik data zehatzik ez badago ere.
Alta, proiektua amaitzeko lana gauzatu ahal izateko crowfunding bat jarri duten martxan eta bertatik lortutakoa nazioartean dokumentala zabaltzeko erabiliko da.