‘Zerrenda’ da urteko hitza Euskaltzaindiarentzat eta UZEI-rentzat

Euren ustez, 'Gazako zerrenda' toponimoaren protagonismoak hitzaren beste adiera bat gogorarazi du.

Gazan gertatzen ari denak 'zerrenda' hitzaren beste adiera bat zabaltzeko balio izan du. Duela hamarkada bat arautu zuen Euskaltzaindiak 'Gazako zerrenda' forma, eta protagonismoa hartu du azkenaldian komunikabideetan izandako erabileragatik. Horregatik hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk urteko hitz, erabilera nabarmena edo bereizgarria izan duten hitzen artean.  'Zerrenda' hitzak 'lursail luze eta estua' esan nahi du. 

Euskaltzaindiak gogorarazi duenez ez da adiera berria. ‘Lursail luze eta estua’ adierako lekukotasun ugari daude jasota Euskaltzaindiaren hiztegi historiko deskriptiboa den Orotariko Euskal Hiztegian, euskarak bere-bereak baititu, adibidez, lur-zerrenda eta pareko esamoldeak. "Inguruko hizkuntzetan 'Gazako zerrenda' esamoldeak dituen ordainekin ez bezala, euskarazko moldeak bide eman du 'zerrenda' hitzaren adiera hori –hiztun batzuek agian hain barneratua ez zutena– ezagunagoa izan dadin", azaldu dute.

Hitzaren beste adierak
'Zerrenda' hitzarekin burura etortzen den lehen adiera beste hau izan ohi da: "Bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez, eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osatutako multzoa". Esate baterako, 'gai-zerrenda', 'itxaron-zerrenda', eta 'zerrendaburu' hitzak oso ohikoak dira eguneroko hizkeran.

Horrekin batera, 'zerrenda' hitzak badu ‘zati luze eta meharra’ adiera ere. Adibidez, marrazkilariek egunkarietan eta aldizkarietan argitaratzen dituzten formatu luzeko marrazkiei ere 'zerrenda' esaten zaie.