‘Sentimendu Kopa’ emakumeen futbol txapelketa sortu dute Iruñean

Asteburuan jokatuko da, Taxoaren, eta Osasunak, Real Madrilek, Realak eta Levantek parte hartuko dute.

Osasuna Klub Atletikoaren Taxoareko instalazioetan izango da, abuztuaren 5etik 7ra, Sentimendu Koparen lehenengo edizioa, "Espainiako Estatuan emakumezkoen futbolak lortu duen lehia-maila handia" nabarmendu nahian. Aurtengoan Real Madril, Reala eta Levante izango dira gonbidatuak. 

Finalaurrekoak abuztuaren 5ean, ostiralean, jokatuko dira, eta abuztuaren 7an, igandean, hirugarren eta laugarren postuetarako partida eta txapelketaren finala izango dira. Finalaurrekoetan Osasuna Klub Atletikoaren emakumeen taldeak Real Madrilen aurka jokatuko du, eta Levante eta Reala finaleko beste postua eskuratzeko lehiatuko dira. 

Realak eta Real Madrilek bigarren eta hirugarren amaitu zuten aurreko denboraldia, eta Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko sailkatu ziren. Levantek berriz, Europako lehiaketa goreneko azken edizioan parte hartu zuen, baina seigarren amaitu zuen Espainiako Liga.

Partidetarako sarrerak aurrez aurre eskuratu ahal izango dira, Sadar estadioko bulegoetan. Gaur 16:30etik 19:30era erosi ahal izango dira, eta bihartik ostegunera, berriz, 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. Partiden aurretik ere izango da erosketarako aukera Taxoaren, ostiralean 16:00etatik aitzina eta igandean 09:30etatik aurrera.