‘Mendia femeninoan’ argazki erakusketa Gasteizen

Jon Martinez argazkilariak mendiko kirol modalitate ezberdinetako emakume erreferenteei egindako zuri-beltzeko erretratuek osatzen dute erakusketa.

Jon Martinez argazkilari eta mendizalearen Mendia femeninoan erakusketa ikusgai dago Gasteizko Vital fundazioaren aretoan hilaren 30era arte. Erakusketa osatzen duten argazkietan euren bizitzak mugaraino eramaten dituzten emakumeen borondatea, indarra eta ametsak islatu ditu argazkilariak: “Energia transmititzen duten irudiak dira, begietara begiratzen digutenak, eta hausnarketa pertsonala egitera gonbidatzen dute”.

Mendiko kiroletan emakumeek duten presentzia ikusarazi nahi izan du Martinezek erakusketaren bidez. Horretarako, mendi arloko modalitate ezberdinetako erreferenteen zuri-beltzeko erretratu-sorta bildu du. Era berean, erakusketak omenaldia egin nahi die emakume hauei guztiei, baita mendia euren bizitzan erreferente bihurtu dutenei ere.

Martinezek 40 emakume erretratatu ditu eta horietako hemezortzi daude erakusketan: Sonia Casas, Oihana Azkorbeitia, Lynsey Jefferies, Sara Catalano, Igone Campos, Nahia Quincoces, Marta Alejandre, Ane Hernani, Nuria Planell, Ana Ruiz, Idoia Rubial, Maite Zumarraga, Irati Anda, Estibaliz Otxoa, Ruth Craven, Nerea Ulezia, Luisa Mendez eta Oihana David.