‘El Conquis’, ‘Naufragoak’ eta euskara
Eñaut Elorrieta ‘Zutaz letrak idazteko’
Gai korapilatsua da honakoa. Euskal txiolandiako unibertso zabalean hautsak harrotzen dituen horietakoa: El Conquis eta Naufragoak saioak, reality-ak eta euskara... Aitortuko dizut nagikeria ikaragarria sorrarazten didan eztabaida dela, baina Gaztea-ko sare sozialetan zabaldu duten “Euskal realityak lotsagarriak direla esaten dutenek ikusi nahi duten realitya” bideoaren aitzakiaz lerro hauek idaztera animatu naiz. Gazteakoek sortu duten bideoan, fikziozko reality bat irudikatu duten arren, Twitterren idazten diren guztiak aintzat hartuz, askoren amets hezeetan irudikatzen dudan saioa da.
Urteetan kritikatu da, eta bat nator guztiz jakina, EITB-k gaztelera hutsean sortzen duen El Conquis saiorako bideratzen duen aurrekontua, promozio kanpaina eta oihartzun mediatikoa guztiz neurrigabea dela. Kontuan izanda, gainera, ETB1-en euskaraz sortzen den edukia ia hutsala dela. Aurten, ordea, inork espero ez zuen estreinaldi bat iragarri dute: “Naufragoak. ETB1en egongo da ikusgai, euskara hutsean. ETB2ko El conquistador del Caribe saioko sortzaileek ekoitzi dute saio berria”. Ondo, ezta? Bada, ez. Estreinatu eta egun gutxira, sareak berriz sutan eta saioaren aurkako kritika txarrak jaurtitzen; Zappingzalea profilean bildutako batzuk: “Ez da ezer gertatzen, euskara maila tamalgarria da, jendeak saioa ikusteari utziko dio, castinga eskasa (aurkezleena + lehiakideena)” eta abar.
Hasieran esan dizut nagikeria sorrarazten didan gaia dela, horregatik ez naiz putzu oso sakonetan murgilduko, nirea #unpopularopinion traolapean joan daitekeen iritzia baita, baina lehenik galdera egin nahi dizut: urteetan El Conquis-en euskararekiko egon den –eta dagoen– erabateko mespretxua kontuan izanik, behingoz euskarazko reality bat izatea ez al da albiste pozgarria? Mundu zabalean, eta gainerako hizkuntzetan, era guztietako ikus-entzunezkoak kontsumitzeko aukera badute, euskaldunok zergatik ezin dugu era honetako edukirik kontsumitu? Egiten den guztiak maila gorenekoa eta perfektua izan behar al du? Nik behintzat oso argi daukat: Ez!. Euskaldun batek “zaborra” ikusteko gogoa badu, zer egingo du? Gaztelaniazko ala beste hizkuntza bateko edukietara jo, normala den bezala. Euskaraz denetik kontsumitzeko aukera eskaini behar zaigu, baita garunari atseden emateko edota egun gogor baten ostean deskonektatzeko helburu bakarrarekin sortzen diren eduki hutsal eta ziztrinak ere.
Lasai, ez pentsa diskurtso sinplista eta erredukzionista horrekin amaituko dudanik, aipatutakoari gehigarri garrantzitsu bat falta baitzaio: euskaraz ia ezer sortzen ez bada, eta sortzen den urria txarra baldin bada, horrek ez du balio e, hori tranpa da! Nora goaz horrela? Kalitate gorenekoa izan ala ez, Naufragoak eta halako saioen alde agertuko naiz beti, baina, tartean, euskarazko telesailak edota filmak sortzen badira, edota Mihiluze, Brinkola, Hondar Ahoak edota Wazemank gehiago. Eta oso garrantzitsua, hizkuntza-kalitatea zainduta noski, hortan bat nator kritika ezkor guztiekin, auzo-lotsa eragin didaten hainbat une ikusi baititut saioan, eta hori penagarria da.