‘e-Sport’ak, emakumeek konkistatzeko kirol esparrua
Bideo-jokoak ikus-entzunezko aisialdiaren barruan lehenengo aukera dira gaur egun Espainiar Estatuan. Espainiako Bideo-jokoen Elkarteak (AEVI) argitaratutako datuen arabera, 2017an 1.359 milioi euro fakturatu zituen sektore honek.
#3000twitz ekimenari esker euskal herritar askok Twitch plataforma ezagutzeko aukera izan dute. Streaming plataforma honek egunetik egunera gero eta erabiltzaile gehiago ditu eta edukien artean, bideo-jokoak dira jaun eta jabe.
Duela urte gutxi arte, bideo-jokoetan aritzen zirenei friki esaten zitzaien eta mundu edo unibertso honen inguruan iruditegi irreala sortu zen. Gaur egun, ordea, iruditegi hori erabat aldatu da eta gaming munduak jendartean bere lekua egin du. Horren erakusgarri da gamer delakoen kopuruen gorakadak, txapelketak eta honen inguruan mugitzen den diru guztia.
Kontuan izan beharra dago, Newzoo-k 2017an argitaratutako datuen arabera, urte horretan mundu mailan 143 milioi jarraitzaile zituzten eSport delakoek eta espero da, 2021ean, gutxienez 250 milioietara iristea.
Kirol ekosistema berri bat
eSportak bideo-jokoen bidez jokatzen diren kirol lehiaketak dira eta bertan hainbat jokalariz osatutako taldeek, zein bakarlarik hartzen dute parte. Lehiaketa ezagunenak hainbat jokalariko online battle arenak (MOBA), tiratzaileak (FPS), borrokak, karta-jokoak, battle royalak eta denbora errealeko estrategiak (RTS) dira.
Era berean, saskibaloian, futbolean edo eskubaloian gertatu bezala, ez dira eSportetan lehiatzen, jokoetan baizik: League of Legends, Call of Duty, EA Sports FIFA, EA Sports eta Herthstone, besteak beste.
Bizitzako esparru guztietan gertatu bezala, kirol ekosistema berri honetan ere
emakumeen presentzia ikusezina da. Gero eta ikusgarritasun handiagoa lortzen ari badira ere, bidean topatzen dituzten zailtasunak bere horretan diraute.
Emakumeak non daude?
Bizitzako esparru guztietan gertatu bezala, kirol ekosistema berri honetan ere emakumeen presentzia ikusezina da. Gero eta ikusgarritasun handiagoa lortzen ari badira ere, bidean topatzen dituzten zailtasunak bere horretan diraute.
Espainiar Estatuan 16 milioi jokalari inguru daude eta horien %44 emakumezkoak badira ere, eSportetan duten presentzia oraindik baxua da. Arantza Lopez Wizards Club taldearen managerrak Portalic atari digitalean aipatu moduan, norgehiagoka maila altuetan emakumerik ez dagoen bitartean, ‘amateur’ mailetan emakumezko gehiago daude.
‘My Game My Name’
Wonder Women Tech antolakundeak lelo horren baitan garatutako kanpainarekin emakumeek bideo-jokoen industrian jasaten duten matxismoa azalerazi nahi izan zuten.
Hori dela eta, Movistar Riders taldeko jokalari profesionalek ezizen femeninoekin hainbat partida jokatu zituzten. Partida horietan edozein emakumek bideo-jokotan aritzean egunero jasaten dituzten irainak eta mespretxuak jaso zituzten.
“Jokalari hori ezin daiteke neska bat izan, ez dute gu bezain ongi jokatzeko gaitasunik” edo “ezin duzu mapa ikusi harrikoa egiten duzun bitartean” bezalako iruzkinak, hitz mespretxagarriak edota mikroen mututzeak eta isiltzeak izan ziren gizonezko jokalari profesional hauek jasan zutena emakumezko izenak erabiltze hutsagatik.