‘DOLUM(U)INAK’: ILARGI MUSIKARIAK ETA GAZTEZULOK ELKARLANEAN EGINDAKO SAIO BERRIA
Irailaren 30ean estreinatuko dugu ‘Dolum(u)inak’ saioaren lehen aurrerapena gure webgunean eta sare sozialetan. Lau atalez osaturik egongo da saioa, eta atal bakoitzean dolu mota bat landuko dugu.
Ilargi Arrizabalaga musikari gazteak eta GAZTEZULOk elkarlanean sortutako doluaren inguruko saioa da Dolum(u)inak. Guztira lau atal izango ditu, eta atal bakoitzean dolu mota bat landuko dugu: minbiziak eragiten duen dolua, haurren heriotza, dolu perinatala eta senide baten heriotzak sortzen duen dolua. Atal bakoitzean hainbat elkarrizketatu izango dira: Ane Izagirre psikologoa, dolu mota horren inguruko proiektu artistikoa egin duen sortzailea, dolu hori lantzen duen elkartea, eta kale-galdeketaren parte hartzaileak. Hala, dolu bakoitzari buruzko hausnarketa izango da bideo bakoitzean, beti ere ikuspuntu ezberdinetatik abiatuta.
Ikus-entzunezko hauen helburuak Euskal Herrian dolu mota ezberdinen inguruan dauden unibertso txikiak gazteengana hurbiltzea, doluaren gaia haien artean zabaltzea eta tabuarekin amaitzea dira.
Ilargiren bizipenetatik sortutako proiektu zabala
Ilargik aita galdu zuen 2022an, eta dolua bizitzen ari zen bitartean, gai horren inguruan eraikia dagoen tabuaz ohartu zen. Horregatik, gai hau jorratu du azaroan kaleratuko duen bere ibilbideko hirugarren diskoan, doluaren tabuarekin amaitzeko bere aletxoa jartzeko asmotan. Bertan, zenbait dolu motari buruz kantatzen du, eta baita doluan sortzen diren egoeren eta sostengu diren pertsona horien inguruan ere. Bere helburu nagusiarekin jarraituz, doluaren inguruko saio bat ekoizteko proposamena luzatu zion GAZTEZULOri eta elkarlanean eraiki dute udan zehar.
Lehen atalaren aurrerapenak
Lehen atalean minbiziak eragiten duen doluaz arituko gara, eta Elena Guinea, Elenita, (Min)bizi liburuaren idazle nagusia, eta Iñurri Elkartea izango dira protagonistak. Ane Izagirre psikologoak parte hartuko du gaiaren inguruko azalpenak emanez, eta kale galdeketa bat ere izango da, euskal herritar gazteen iritziak biltzeko.
Aurrez azaldu bezala, lau atal izango dira orotara. Atal bakoitzak hiru bideo aurrerapen izango ditu, eta asteartetan zabalduko ditugu GAZTEZULOren webgunean eta sare sozialetan. Lehendabiziko atalaren lehen aurrerapena aste honetan argitaratuko dugu. Atal osoa, berriz, hiru astean behin plazaratuko dugu GAZTEZULOren webgunean.