‘D’ortagnan eta hiru Mosketxakurrak’ filmaren estreinaldia zinemetan

Animaziozko pelikula honek D'Ortagnan gazteak Mosketxakur izateko Parisera egindako bidaiaz eta bertan jazotakoez dihardu. Hego Euskal Herriko hainbat aretotan izango da ikusgai egunotan.

Toni Garcia zinemagilearen D’ortagnan eta hiru Mosketxakurrak animaziozko filmaren estreinaldia izango da asteburu honetan Hego Euskal Herriko hainbat zinema-aretotan. Alejandro Dumas idazle frantziarrak sortutako istorioaren egokitzapenaz gozatzeko aukera izango da, beraz, egunotan. Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren barruko 2021eko zazpigarren film luzearen estreinaldia izango da hau. 

D 'Ortagnan gaztearen istorioa kontatzen du filmak, Mosketxakur izateko ametsa betetzeko asmoz Parisera bidaiatuko duen mutil sutsu eta errugabea. Han, lagun leial bat ezagutuko du, Pom sagua, eta Mosketxakur ospetsuekin bat egingo du -Athos, Portos eta Aramis-. Horretaz gain, Juliettez maiteminduko da, Milady izeneko katu espioiarekin txundituta geldituko da, eta Richelieu kardinal gaiztoari aurre egingo dio. Rofy ere tartean izango da, behin baino gehiagotan salbatuko duen D’Ortagnanen zaldia.

Toni Garcia zuzendariaren lan berriena euskaraz izango da ikusgai honako areto hauetan, besteak beste: Donostiako Antiguo Berri zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan eta Multicines 7 aretoetan, Gasteizko Gorbeia zinemetan, Iruñeko Golem La Morean, Durangoko Zugaza zineman, Getxoko Zinemak aretoan eta Errenteriako Niessenen. 

Honako hauek izan dira aurtengoan Zinema Euskaraz programaren bidez bikoiztutako beste lanak: Maya Erlea. Urrezko Esfera (Noel Cleary, 2021), Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa (Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen, 2019), Tom eta Jerry (Tim Story, 2021), Kranston Ikastetxea (Leopoldo Aguilar, 2021), Elfikinak (Jan Strathmann, 2020)  eta Space Jam: Aro berria (Malcom D. Lee, 2021 ).