200 milioi, mutilazio genitalaren zifra beldurgarria
Otsailaren 6a Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna dugu; arazoak bertan dirau.
Irudikatzen duzue zer izan daitekeen mutilazio genitala edo ablazioa jasatea? Bada munduan 200 milioi neska eta emakumeri egin diote praktika ikaragarri hori. Eta ez du amaierarik; urtero hiru milioi neskari mutilatzen dizkiete genitalak. Hain zuzen, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna dugu gaur, otsailak 6, baina oraindik egiteko asko dagoela gogorarazi dute GKEk.
Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, erabaki medikoekin inolako zerikusirik ez duten arrazoiengatik emakumeen organo genitalak eraldatzeko edo erauzteko erabiltzen diren prozedura guztiak barne hartzen ditu emakumeen genitalen mutilazioak, eta emakume eta nesken giza eskubideen urraketa gisa onartuta dago.
Praktika hori bereziki hedatuta dago Afrikako eta Ekialde Ertaineko 29 herrialdetan, baina arazo unibertsala da eta Asiako hainbat herrialdetan ere ohiko praktika da, Indian, Indonesian, Iraken eta Pakistanen esaterako, eta baita Latinoamerikako hainbat komunitate indigenetan ere. Gainera, Mendebaldeko Europan, Ipar Amerikan, Australian eta Zeelanda Berrian bizi diren etorkinen artean ere praktikatzen da.
Malin, egoera larria da Gurutze Gorriaren esanetan; ablazioa jasan duten 14 urtetik beherako 44 milioi nesken artetik, % 73 Malikoak dira. Hain zuzen, erakundeak hainbat proiektu garatu ditu, Maliko Gurutze Gorriarekin lankidetzan eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, batez ere ablazioaren praktika prebenitzera eta nesken eta emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak babestera bideratuz.