18. Korrikaren karietara, egun osoko festa Hazparnen

Martxoaren 16an, larunbata, 18. Korrika Hazparnetik pasako da gaueko 22:30ean; zita aitzakiatzat baliatuz, TTattola Gaztetxeak egun osoko festa antolatu du AEK eta Korrikaren alde. Goizean goizetik hasi eta gaueko kontzertuekin amaituko dute eguna gazteek.



Jakina da 18. Korrika gainean dugula. Martxoaren 14an, osteguna, hasiko da Andoainen, eta 11 egun geroago amaituko da Baionan. Herriz herri, pausoz pauso, Euskal Herri osoa zeharkatuko du etenik gabe, eta azken egunean festa itzela egingo dute Lapurdiko hiriburuan. GAZTEZULO ere bertan izango da.

Hilaren 16an —larunbata—, baina, Hazparnetik pasako da Korrika, eta herriko TTattola Gaztetxeak egun osoko festa antolatuko du. Goizeko 9:00etan elkartuko dira gaztetxean bertan, eta indartsu gosaldu ostean, Kilikolo Zirkoko lagunek erakustaldi txundigarria eskainiko dute.

Eguerdian otordua egingo dute Eihartzea Kultur Etxean, eta 14:00etan film laburrak proiektatuko dituzte bertaratuentzat. Baina 15:00etan hasiko da benetako festa: Trik’ero taldearen laguntzaz, bertso-triki-poteoa egingo dute herriko karriketan barna, eta 18:00etan plazan bilduko dira.

Horren ostean, Xuriatea ostatuan afalduko dute —aldez aurretik erreserba egin behar da—, eta tripa jaisteko, 22:30ean 18. Korrikan hartuko dute parte gazteek. Azkenik, egunari amaiera emateko, herriko Islaia taldeak eta Arramazka lasartearrek kontzertuak eskainiko dituzte. Egun polita espero dute Hazparnen, bat egin!