12 eta 15 urte bitarteko gazte naturalisten bila ari dira 'Bihotz Berdeak' programarako

Urritik ekainera bitarte, hainbat gairen inguruko saioak eta irteerak egingo dituzte, adituekin.

Kutxa Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, kudeatzen duen Bihotz Berdeak programa 12 eta 15 urte bitarteko gazte naturalistei zuzenduta dago, euren zaletasunari aukera berriak ireki nahian.

Ezagutzarako leiho berriak eta eko-aktibismoa bultzatzeko asmoa dute bertan. Horretaz gain, programa honek lagun berriak egin eta pasioak partekatzeko aukera emango die parte-hartzaileei.

Natura aztertzeko diziplinak landuko dituzte, hala nola: herpetologia, ornitologia, biziraupena, espeleologia, edafologia eta entomologia, ilustrazio zientifikoa eta etnografia.

Gazteak Gipuzkoako naturguneetan murgilduko dira, hainbat aditurekin batera. Igandeetan egingo dituzte saioak edo irteerak, urritik ekainera.

Behin betiko programa irailean zehaztuko dute, baina hauxe da atarikoa: urrian, espeleologia, Jexux Tapia eta Asier Izagirrerekin; azaroan, asteburua naturan, Jexux Tapia eta Virginia Garciarekin; abenduan, ilustrazio zientifikoa, Maddi Astigarragarekin; urtarrilean, etnografia, Maite Errazkin eta Suberri Matelorekin; otsailan, geologia, Txema Hernandezekin; martxoan, Gnat eta ekoaktibismoa, GFA eta Mater-ekin; apirilean, ornitologia, Olatz Aizpuruarekin; maiatzean, herpetologia, Ion Garin eta Iñaki Romerorekin, eta ekainean, edafologia-entomologia, Lur Epelderekin.

Hautaketa prozesuari eta aurrematrikulari buruzko informazioa hemen kontsulta daiteke.