Irla izan *****
Zuri-beltzezko Zebra haren ostean, Irla Izan koloretsua iritsi zaigu eta, ezbairik gabe, azkena gailentzen da. Izan ere, askotariko hamar kantu hauen konposizio eta jotze maila ikaragarria da; hitzak ahaztu gabe, zoragarriak. Anarik, gainera, arriskatzea atsegin duela eta musikari inkonformista dela erakutsi du lan honetan -beti ere bere betiko diskurtsoa saldu barik-. Hala, Distantzia kantuan -disko honetako doinurik onena- 80ko hamarkadako Rock Amerikar Berriaren zantzuak entzuten dira, eta Isla doinuak pop izpiak aireratzen ditu. Iazko euskal diskorik onena izan zen, Akauzazteren baimenarekin. Biak ala biak Azkoitikoak.