‘Zuhaitz eskuzabala’, birziklatuta

‘Zuhaitz eskuzabala’, birziklatuta https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/04/07
Shel Silverstein (1930-1999) idazle estatubatuarraren ‘The Giving Tree’ ipuinean oinarritutako erreportajea da ondokoa. Eneko Urizarrek poema eratorria idatzi du, Rafa Rodrigok hitzak irudi bihurtu ditu origamia baliatuz, eta Galder Izagirrek emaitza erretratatu du.

The Giving Tree Shel Silversteinen ipuinik ezagunena da, ziurrenik. Zuhaitz baten eta mutil baten arteko harremana du hizpide. Harper & Row argitaletxeak plazaratu zuen, hainbat editoreren ezezkoa jaso ostean; goibelegia omen zen haurrentzat, sinpleegia helduentzat. Hasieran arrakasta handirik izan ez bazuen ere, ahoz ahokoaren bidez ezagun egiten joan zen, eta egun, umeentzako ipuinik onenen zerrenda guztietan ageri da.

Ipuin alegorikoa dela kontuan hartuta, hamaika interpretaziorako bide eman du. Batzuk Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana ikusten dute ipuinean, beste batzuk, aldiz, Ama Natura eta gizakien artekoa. Eta badira adiskidetasunaren edota gurasoen eta seme-alaben arteko harremanaren alegoriatzat ulertzen dutenak ere. Baita harreman sadomasokistaren adibidetzat jartzen dutenak ere. Ipuina irakurri, eta bakoitzak bere ondoriok atera ditzala. Hori bai, momentuz ez dago euskarara itzulita.

Ipuin hori oinarri harturik, bere iruditeria eta alegoria baliatuz, Eneko Urizarrek poema bat idatzi du. Eta poema horiek iradokitako irudiei Rafa Rodrigok bizia eman die papera erabilita. Ondoko orrietan dituzue biak bat eginda, Galder Izagirrek osatutako erreportaje fotografikoan.

Rafa Rodrigo. 
Rafa Rodrigo (1972, Irun) Heletan bizi da egun. Duela zazpi urte hasi zen origamia egiten, kasualitatez. Lagun batekin kotxean zihoala, honek zuen origamiari buruzko liburuaz galdetu zion. Lagunak ez zuela origamia ulertzen esan, eta oparitu egin zion. Konbikzio handirik gabe hasi zen, baina paperak tolesten hasi eta liluratuta geratu zen. Ordutik ez da gelditu, origamiarekin lotutako hainbat proiektutan parte hartu du, eta tarteka ikastaroak ematen ditu.

Eneko Urizar.

Eneko Urizarrek (1976, Bilbo) Farmazia ikasi zuen Gasteizen, doktorego tesia Bruselan egin zuen lau urtetan, eta beste bost eman zituen New Yorkeko Columbia Universityn ikerlari lanetan. Probeta artean, poemak eta narrazioak idazteari ekin zion. 2010ean, Bruselara bueltatu zen, bertan bizi da gaur egun, eta zientzia alde batera utzi du literaturan buru-belarri sartzeko.