DRUM HOTSAK (III. ATALA)

DRUM HOTSAK (III. ATALA) https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/06/13
Testua eta argazkiak: Galder Izagirre
HONENBESTEZ AMAITUTZAT EMANGO DUGU ROCKAREN OINARRIZKO INSTRUMENTUAK EGITEN DITUZTEN ESKULANGILEEN INGURUKO ERREPORTAJEA.

ORAINGO HONETAN IRUÑEAN AURKITU DUGU FRAN MORENO, MD CUSTOMDRUMS IZENPEAN ENKARGUZ ETA NEURRIRAKO BATERIA AKUSTIKOAK EGITEN.

KONTATUKO DIGU NOLA OINARRIZKO INSTRUMENTU TRIBAL HONEK ZAINKETA FINA BEHAR DUEN, BEHAR BEZALAKO SOINUA ATERA AHAL IZATEKO.


Zer dator lehenik: musikarako zaletasuna ala artisautzarako grina?
Nire kasuan musikarako zaletasuna; dena den, 15 urterekin nire lehen bateria lortu eta gutxira, piezaren akabera kendu eta binilo beltz merkeenarekin egindako beste pieza bat jarri nion.

Zer ezkutatzen da Md Customdrums eta Bricobateras izenen atzean?
Esfortzu handia, hezteko grina eta jasotako enkarguak ahalik eta hobekien betetzeko gogoa.

Tinbal eta bonboentzako buruko propioak egiteko aukerarik gabe, "saiatu eta huts" proba egitea oraindik ere zailagoa da; lanean hasi aurretik gauzak bi aldiz pentsatu behar dituzu?
Horrenbeste urteren ondoren, gauzak beren kabuz doaz, eta zaila da proiektuari atzerako martxa ematea; dena den, gerta daitekeen zerbait da. Hasi nintzenean bai, gauzak aurretik bi, hiru edo behar bezainbeste aldiz pentsatu behar nituen.

Zeintzuk dira perkusioa osatzen duten ezaugarriak? Esate baterako, soinua, egur mota, kaskoetako geruzak, azken leundurak, adabakiak...
Elementu guztiek dute nolabaiteko eragina, baina soinuaren %90 hiru ezaugarrik osatzen dute: altzaria (kalitate oneko egurra, lodiera, diametroa, sakontasuna), kaskoaren ahoa (bezeroarentzat egokia), eta adabakia (kalitatezkoa eta bezeroak eskatutako ezaugarriekin). Gainontzeko %10 bestelako ezaugarri txikiagoek osatzen dute, hala nola, kanpoko eta barruko akabera, drum lug –afinatzeko balio duten piezak– kaskoaren gainean hartzen duten lekuak, adabakitik gertuago ala urrutiago dauden... elementu horiek aldaketa txikiak eragiten dituzte, baina ez dute azken emaitza aldatzen.

Saltoki handiekin lehiatzea ezinezkoa dirudi egun; artisau batentzat oraindik ere zailagoa izango da. Zer baloratzen dute bezeroek?

Guk ere denda moduan egiten dugu lan, eta Interneteko prezioak berdinduta ere, zailda da saltzea. Saltoki horiek jakin dute gauzak ondo egiten; stock kopuru harrigarria dute, eta egun gutxitan zure etxe aurrean jartzen dizute eskatutakoa. Horren aurrean, jendeari esan diezaiokedan gauza bakarra da gertuen duten dendan galdetzeko, prezio berdinean salgai dagoen egiaztatu dezaten. Ziur aski, sorpresa bat hartuko dute, orokorrean sektoreak pilak jarri ditu. Gainera, desio duten instrumentua egiten dugu, nahi duten itxura emanez (akabera, neurriak, egur motak).

Epe luze edo laburrean bertako musikariek eskuz egindako instrumentuak erabiliko dituztela uste duzu, ala ameskeria hutsa da?
Epe laburrera zaila ikusten dut, honetan gabiltzan artisauok merkatuko prezioen gainetik lan egiten dugulako. Gehienetan musikari profesional edota instrumentuen zale sutsuentzat egiten dugu lan. Gizarteak ere badu eragina; zoritxarrez, kultura ez da errespetatzen. Ziur nago gehiago direla eliteko kirolariak, Mujeres, hombres y viceversako tronistak edo Gran Hermanoko lehiakideak izan nahi dutenak, dantzari, margolari, idazle edo musikari izan nahi dutenak baino. Eta hala ez balitz ere, argi dago zeini ematen zaion ikusgarritasun gehien.

Kontzientzia, prezio ala kalitatearen inguruko pertzepzioa da?
Egun, merkatu kopurua alde batera utzita, uste dut prezio kontua dela. Dena den, kasu gehienetan hobby bat denez, normala iruditzen zait jendeak diru asko gastatzeko asmorik ez izatea.

Ezkurrak eraikitzen igarotzen duzu denbora gehien...
Ezkurren kontua duela pare bat urte hasi zen; merkatuko prezioetan egoteko ezinbestekoa zitzaigun pieza horiek kanpotik ekartzea. Ondoren, produktua guk geuk egiteko teknologia zuen makina lortzeko aukera izan genuen. Europako artisau askok oraindik gure aurreko egoera horretan jarraitzen dutenez, guk neurrira egindako eta kalitate handiko produktuak eskaintzen ditugu.