Aterpea

Aterpea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2013/03/04
Igone Fdez. Mariezkurrena
Otsaileko gau heze eta hotza etxerik gabeko jende artean, gaueko aterpe batean. Donostia da, baina gure lurraldeko beste edozein herri izan zitekeen. Shalif, Rosa, Muhammad... dira, baina euren testigantzek beste askori ere itzuliko diete ahotsa. Ez baitago kale gorria baino berdintzaileagorik, bakardadeak ez baitu bereizketarik egiten.

Rais elkarteak kudeatzen duen udal baliabidea da aterpea, gaueko 20:00etatik goizeko 09:00ak bitarte 32 ohe ez ezik, epeltasuna eta gizatasuna eskaintzen duen lekua. Gizarte larrialdiko zerbitzuaren bitartez sarrera galdatzen duten erabiltzaileak elkarrizketatzen dituzte gizarte langileek eta, guztien artean, fisikoki nahiz sozialki ahulenak direnei baina, era berean, hirian finkatuta denbora gehien daramaten horiei aitortzen diete astebeterako txartela.

"Estalpea, lotarako tokia eta salda edo edari beroa jasotzen dute baina, batez ere, identitatea berreskuratzen dute", kontatu digu zentruko arduradunak. Mahaiaren inguruan eserita, kartetan jolasten edo, besterik ez bada ere, telebistari taldean begiratuta beren burua humano sentitzen baitute, "entzungo dien jendea behar dute". Belarri izatea eta kasuz kasu irtenbide posibleak zein diren aztertzea da horrelako guneetan boluntario dabiltzanen zeregina "eta horrek gu ere aberasten gaitu, burua irekitzen digu, gurearekin antzik ez duten beste errealitate batzuk ezagutzen ditugu eta, batez ere, jabetzen gara jende honen egoera gizarteratzearen beharraz, ezin zaielako ezikusiarena egin, gure jendartearen parte direlako".