"Libreta horiko poemak"

"Libreta horiko poemak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotlibreta-horiko-poemakquot/@@download/image/39p54-1.jpg
2004/03/04
kritika
Testua: Aritz Gorrotxategi
Idazlea: Pako Aristi
39.zenbakia
"Libreta horiko poemak"
SUSA
107 orrialde 



Biluztu egiten zaigu Aristi poema-bilduma honetan. Gorputza hitz bihurtu, egia pusketak xehatzeraino. Concceta Probanzak oparitutako libreta hori batean jaso dituen poemek inguruaz gogaiturik dagoen gizaki bat islatzen dute. Munduak daraman abiadura ez dago egina poetarentzat. Edozeinentzat. "Horra klabe bat: publizitateari kasu egiteari uzten diogunean/hasiko gara zoriontsu izaten". Denbora aurrera joan den neurrian, koherente izateko ahalegin horretan, gero eta isolatuago dago poeta, bohemiaren eta burgesiaren artean. Emakumeen altzoan atseden hartuz. Nahiz onartzen duen, "hain ezberdin izanik,/ez dakit nola elkartzen garen/larrua jotzeko ere". Ermitau bihurtzea ere pasatu zaio burutik. Izan ere, "jakinminik, ilusiorik eta umorerik gabeko bizitzari/progresoa deitu diogu".