Mr. Señora

Mr. Señora https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/07/14
kritika
Testua: Iraitz Ugalde
Idazlea: Oier Guillan
175.zenbakia
Mr. Señora
Amuaren ziztada minbera da derrigor. Amuak azala zulatu eta odolduko du arraina harrapatuko badu. Kilimek, muturrera eramanez gero, badute zerbait minetik. Minaren eta kilimen arteko marra gorrian dabiltza dantzan Oier Guillanen hitzak. Harrapatzen bazaitu kilima egin dizulako da, min eman dizulako, Mr. Señoraren hitzek zure egiaren ispilu hautsi izan dutelako. Kasu egiten ez diegun gauzetan ernetzen dira gizarte honetako harririk astunenak: aurreiritziak, beldurrak, lotsak, tabuak... joeraren lubakia sakonegia da gehienontzat bestelako bideak aukeratzeko. Lotsagorritu zaitzake, barre eginaraz diezazuke, berotu zaitzake, kontuz Mr. Señorarekin! Bere amuaz harrapa zaitzake. Generoa, demokrazia, gizarte laukidun honen esparru libre mugatuak, zure burua eta sendotzat dauzkagun beste zenbait elementu gogor astintzen ditu absurdoa eta poesia erabiliz. Zenbait proiektu eszenikoren transkripzioak dira liburu honetan biltzen direnak, Idoia Beratarbideren orri bikoitzeko ilustrazioez lagunduak. Oso intimoa da, gertukoa, Guillanen espresioa. Eta gertutasun horrek halabeharrezko partehartzaile bihurtzen zaitu. ZU. Zure buruaren autopsia mingarria. Kilimatsua. Argi izpi bat gure errutinaren itsutasuna okupatzen, kristal printza bat utzi nahian erraien tartean.