Molloy

Molloy https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
kritika
Testua: Testua: Maitane Legarreta @mailegetx
Idazlea: Samuel Beckett. Itzultzailea: Gerardo Markuleta. MEETTOK
160.zenbakia
Molloy
Barne bakarrizketan garatutako bi atal ditu irlandarraren liburuak. Lehenengoan, Molloy izeneko eskale ezinduaren idatzizko pentsamendu-uholdea ageri da, eta dagoen tokira iristeko egin duen bideaz eta topatu dituen pertsonez dihardu, besteak beste. Bigarrenean, berriz, Moran izeneko ikertzaile pribatuak Molloy aurkitzeko agindua jasoko du, eta semearekin batera abiatuko da lana betetzeko bidaia gorabeheratsuan. Hasieran, ezina, surrealismoa eta kaosa topatuko dituzu eta liburua alde batera uzteko tentaldia izan dezakezu, baina, jarraituz gero, kaosean ordena aurkitzen hasi eta erosoago sentituko zara irakurketan. Puzzlearen piezak pixkanaka-pixkanaka bere tokian ipintzea lortuko duzu; halabeharrez, pieza batzuk zeuk sortu beharko dituzu, puzzlea osatu nahi izanez gero. Kontakizunak zorabiatu, nahastu, erotu eta, aldi berean, liluratu egingo zaitu. Eta, azkenean, idazleak hori guztia erdiesteko erabili dituen trikimailu guztien berri izan nahiko duzu.