Hiri hondakin solidoak

Hiri hondakin solidoak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/06/10
kritika
Testua: Maitane Legarreta @mailegetx
Idazlea: Jon Alonso
174.zenbakia
Hiri hondakin solidoak
Enekoitz Ramirez Lanbas etakide ohia, arte salerosle izandakoa eta lapurretan ibilitakoa, bueltan dugu eta zintzoen saldoarentzat lanean jarraitzen du. Liburuaren hasieran Bilboko plaza berrian dugu Lanbas, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean Resurreccion Maria de Azkueren paperean dabilen gizonari erreparatzen. Azkue turistekin argazkiak ateratzen ikusiko du eta inguruan den orori Txillardegik ibaira bultza egin ziolako hil zela kontatuko dio. Lanbasek Euskaltzaindian jasotako mehatxuak ikertzeari ekingo dio, mezuen egilea zein den jakiteko. Horretaz gain, Bartzelonara ere bidaiatuko du, edukiontzi batean biluzik eta hilik agertu den unibertsitateko irakasleari eta euskaltzainaren heriotzari buruzko aztarnen bila. Nobela beltza dugu honakoa eta badu filmetako tramen antzik baina oraingo honetan gertuago sentituko dugu, pertsonaiak eta tokiak ere hurbilekoak direlako. Ez da entretenimendu hutsa, kritika ere agertzen baita; batez ere, argi uzten du hizkuntzaren zuzentasunari gehiegi erreparatzen zaiola, bestelako kontu garrantzitsuagoak ahantzita. Umore fin eta zorrotzez idatzitako kontakizuna da, adimena erne eta gozatuz irakurtzea merezi duena, nahi baino lehenago bukatzen baita.