Gidarien okerra

Gidarien okerra https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/03/14
kritika
Testua:
Idazlea: Gotzon Barandiaran
171.zenbakia
Gidarien okerra
Hasiera batetik datoz gainbeheran Gidariaren okerra eleberriko pertsonaien bizitzak. Bitor Larralde taxilariak aurki bere buruaz beste egitera bultzatuko duen gaitz neuropsikiatriko larria du, eta horren sendabidea omen dakien sendagile ospetsua bahitzea besterik ez zaio otu gaitza pairatzeak eragiten dion larrimina lasaitzeko. Lagun diezaion, premiazkoa duen diru mordoa eskaini dio taxian sartu zaion bezeroari, Arantza Ojanguren gerra argazkilaria. Ojangurenek, bere azken bidaiatik bueltan, buruan darabiltza erbestean bahitu dioten adiskidearen erreskatea, euren ofizioaren etikaren marra gorriak, laster itsu utziko duen begietako gaixotasuna sendatzea ahalbidetuko dion ebakuntza garestia… Tartean dabil, airoso eta freskuraz bahiketako lantaldeko hirugarren kidea, Saioa, Bitorren iloba gaztea. Hariak mugituz, larderiaz eta azpijokoz, euren txotxongiloa jopuntuan jartzea lortuko dute baina, hasiera batetik kohesio gutxikoa zen taldean bulkada indibidualak hasiko dira gailentzen, bakoitzarena alde batera taupaka. Faltsukeriaren, boterearen eta klaseen aurkako errebelazio baten kontakizuna da, baldarkeriaz aurrera eramandako plan sofistikatuarena, hiru herritarrek eromenerako amildegiaren ertzetik eginiko salbaziorako saiakera.