Zinema kritikari berria bilatzeko lehiaketa antolatu dute Zinea.eus atarikoek

Zinema kritikari berria bilatzeko lehiaketa antolatu dute Zinea.eus atarikoek https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/03
berria
Zinea
Zinema kritikari berria bilatzeko lehiaketa antolatu dute Zinea.eus atarikoek
Urtebetez astero Zinea.eus-en ordainpeko kritikak egingo dituen kolaboratzaile bila dabiltza, eta hautagaitzak bidaltzeko epea zabaldu dute maiatzaren 20ra arte.

Zinearen inguruko euskarazko webgune bakarra da Zinea.eus. Besteak beste, zinema-aretoetan ikusgai diren filmen kritikak argitaratzen dituzte eta, hain justu, urtebetez lan hori egindo duen kolaboratzailearen bila dabiltza. Iaz egin bezala, aurten ere lehiaketa antolatu dute egokiena aukeratzeko.

Zineman jardun edota, besterik gabe, zinemazalea den edonork har dezake parte. Euskal film bat aukeratu (edozein garaitakoa), 300-400 hitzeko kritika egin eta info@zinea.eus atalera helarazi behar da maiatzaren 20a baino lehen (ostirala), egilearen izen-abizenak, adina, herria, helbide elektronikoa eta telefonoa jartzea ahaztu gabe.

Deialdira aurkeztutako kritika guztiak Zinea.eus atarian argitaratuko dituzte lehenengoz eta, ondoren, Ganbara datutegian jarriko dituzte. Kritikaria aukeratzeko, aditu talde baten iritzia izango dute kontuan, baina baita kritikek dituzten iruzkin positiboak ere, kritika gustuko zergatik duten azaltzen dutenak bederen.

Irabazleak urtebeteko konpromisoa hartuko du Zinea.eus atariko arduradunekin, eta deialdira aurkeztutako lanaren ezaugarri antzekoak dituen kritika osatu beharko du astero, asteazkenetan.