Uso Pop festibala, maiatzaren 28an Lizarrieta lepoan

Uso Pop festibala, maiatzaren 28an Lizarrieta lepoan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/02
berria
Uso Pop festibala, maiatzaren 28an Lizarrieta lepoan
Besteak beste, Fugu Mango, Evening Hyms, Amorante edota Drame taldeen zuzenekoak ekarriko dituzte basoaren erdira, aurten zazpigarren urtez.

Zazpi udaberri iragan dira Lizarrieta lepoko ehun urteko haritzen erdian Uso Pop musika jaialdia lehenengo aldiz antolatu zutenetik. Ekimenaren neurria eta oihartzuna handituz joan da urterik urte erreferentziazko bilakatu arte, eta ilusio berberarekin baina irismen handiagoarekin antolatu dute aurtengoa ere.


Kontzertuetarako talee sorta aparta lotu dute:


Kartelburu Fugu Mango ekarriko dute Europa ipar aldetik; pop kantari karismatikoak eta Talking Heads-en erritmika afrikarrak dantzan jarriko dituzte bertako guztiak.

2011 urtean Santa Katalina kapera estreinatu zuen Evening Hymns talde kanadiarra Uso Pop-era itzuliko da bost urte geroago; Jonas Bonetta eta enparauen folk-rock doinuek leku hau atsegin dute, dudarik gabe.

Tourseko Rubin Steiner musikariak ere onartu du gonbidapena, eta bere proiektu berriarekin etorriko da Lizarrietara, Drame taldearekin hain zuzen.

Euskal ordezkaritza ere egongo da oholtza gainean. Izan ere, Iban Urizar one-man-band-ak Amorante proposamena ekarriko du herri kantua, folklorea eta elektronika nahastuta.


Ikusgarriak eta disko jartzaileak


Zuzeneko musika emanaldiei ez ezik, ikusgarriei ere arreta berezia eskaintzen die festibalak urtero. Hala, aurten Bilaka kolektiboaren Negua ikuskizunak magiaz beteko ditu Lizarrietako guneak dantza eta musika nahastuz.

Bestalde, Beirut eta Martial Jesus disko jartzaileek musika zabalduko dute maiatzaren 28 honetarako propio eraikitako usotegi dorre batetik.


Lizarrietako lepoko haritzen artean egun paregabea pasatzeko aukera dakar Uso Pop jaialdiak 9€ (aldez aurretik) / 12€ (bertan) -ren truke. Antolatzaileek akanpalekurik jarriko ez duten arren, Sarako ostatuetara hurbiltzea gomendatzen dute: www.sare.fr

Eta jaia luzatu nahi duenak… Sarako gaztetxea.