Txirrinka ekimenak proiektu txikitzaileak salatuko ditu gurpil gainean

Txirrinka ekimenak proiektu txikitzaileak salatuko ditu gurpil gainean https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/02
berria
Txirrinka ekimenak proiektu txikitzaileak salatuko ditu gurpil gainean
AHT Gelditu! elkarlanak antolatutako bizikleta martxak 'Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu' leloa zabalduko du Euskal Herrian barrena maiatzaren 20tik 22ra bitarte.

AHT Gelditu! Elkarlanak badaramatza 20 urte Abiadura Handiko Trena, errauskailua eta tankera horretako beste hainbat proiektu salatzen. Gaur egungoa, ordea,"inoizko egoera larriena" dela diote, beharrizan sozial oinarrizkoenak asegabe daudenean ere sekula baino dirutza handiagoak bideratzen dituelako administrazioak "azpiegitura handi eta baliogabe" hauetara.

Jendartea egoerarekin kezkatuta dagoela sumatzen dute AHT Gelditu! Elkarlanekoek, baina, era berean, gizartea "egonean" dagoela, modu antolatuan erantzun gabe.

Hain zuzen horregatik eta horretarako, mugimendu ezberdinetan lanean diharduen jendea elkartu eta indarrak batzeko antolatu dute Txirrinka egitasmoa, bizikleta-martxa salatzaile eta aldarrikatzailea.

Maiatzaren 20an hasita, zutabe bana abiatuko da Muskizetik, Gasteiztik, Hendaiatik eta Iruñeatik; bi egunen buruan, denak AHTak marrazten duen Y-aren muinoan elkartuko dira, Angiozarren (Bergaran).

Zonaldeka antolatzen ari dira zutabe hauek, kilometroak kolektibo nahiz norbanakoen artean banatuz. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu leloa zabalduko dute euskal geografian zehar, maiatzaren 22an –igandea– jai giroan ekimenari amaiera eman arte.