Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa Bilbon

Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa Bilbon https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/04/29
berria
Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa Bilbon
Bilboko Azkuna Zentroak formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana. Horretarako, bi urtean behin bienal moduan egingo duten Prototipoak nazioarteko topaketa jarriko dute martxan aurten, lehenagoko '3,2,1' programari jarraipena emanez.

Prototipoak-en baitan lekua izango duten proiektu nahiz artistek, 'site specific'-etik abiatuz, proposatutako testuingurura egokituko dituzte euren lanak. Egitarau honekin, Azkuna Zentroak  mintzaira garaikideak babestu eta artisten partehartze horizontala bideratuko duen espazio erkide bat jarri nahi du egileen eskura. Artisten arteko zubigintza lana egin nahi du, forma artistiko berriak herritarrengana hurbildu, baina baita alderantziz ere.

Horretaz gain, jendartean puri-purian diren eztabaidak, aldaketak, tira-birak, gatazkak eta bestelakoak espazio horretan islatuta gera daitezen nahi dute, baina mintzaira artistikoaren bitartez. Horixe da Rosa Casado, Xabier Erkizia, Javier Duero eta Mateo Feijóo komisarioek egitaraua osatzekoa baliatu duten irizpidea.

Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa honek, besteak beste, Erresuma Batuko, Frantziako, Belgikako, Estoniako eta Alemaniako proiektuak hartuko ditu maiatzaren 25etik 29ra bitarte.