Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du 20. Korrikak

Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du 20. Korrikak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/11/09
berria
Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du 20. Korrikak
AEK-k antolatuta, 2017ko martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 9an amaituko da, BATZUK lelopean: hizkuntza, kultura eta mundu BATZUK irudikatu nahi dituzte. 1980. urtean Korrika sortuzutenek jasoko dute 20. edizioaren omenaldia.

Korrikaren 20. edizioa aurkeztu dute AEK eta Korrikaren arduradunek Donostiako San Telmo museoan. Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da Korrika, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, eskuz esku joaten den lekukoaren barruko mezua irakurri ondoren. San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo
Korrikaren arduradunak gidatu dute ekitaldia, eta bertan zeuden AEKren
Artezkaritza Kontseiluko kideak ere. Mugikak esan du "aurreko Korrika amaitu
zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoago dagoela euskal gizartean". Bere
esanetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere
euskaraz funtzionatzea: "Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia".
"Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak
dira", adierazi du Mugikak.

Bat baino gehiago

Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek
osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzen arteko jolasa
da, herritarrak euskarara gonbidatzeko: "Hizkuntzen eta hiztunen
berdintasunaren aldeko jaira". Asier Amondok azaldu du leloa: "Hizkuntza,
Kultura, Mundu ‘BAT’ sendotzeko bidean, ‘ZUK’ ere bat egin dezakezu, zeuretik,
zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun:
ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".

Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri
zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, "euskalgintzaren, euskal
kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da", Amondoren hitzetan.
Korrikak batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta irudi koloretsua
erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu nahian.