Martxan da Gazte Sorkuntza Lehiaketa

Martxan da Gazte Sorkuntza Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-gazte-sorkuntza-lehiaketa/@@download/image/mikromatxismoa__1424866463.jpg
2015/02/25
berria
Martxan da Gazte Sorkuntza Lehiaketa
Topatu.info eta GAZTEZULOk elkarlanean, Gazte Sorkuntza lehiaketa martxan jarri dugu. Komunikabideok jendartearen eraldaketan dugun paper garrantzitsuaz ohartuta, eta feminismoarekin dugun konpromisoan berretsiz, mikromatxismoa bistaratzea izango da aurtengo lehiaketaren xedea. Gaztea, sortzailea eta feminista bazara, hortaz, zure bila gabiltza!


Gazteon artean ematen den ezkutuko indarkeria sexista agerian utzi nahi dugu, eta hori lortzeko sorkuntza lanak erabiliko ditugu.

Guztira lau sail izango ditu lehiaketak; ikus-entzunezkoa, gehienez ere 3 minutuko iraupeneko bideoa, kredituak barne; idatzia, gehienez ere 6.000 karaktere espazioak barne, eta ordenagailuz; argazkia eta ilustrazioa. 

Izen-emate epea

Martxoaren 30ean 12:00etan amaituko da lanak bidaltzeko epea, eta epaimahaiak edukia (gaiaren lanketa) eta ideia eta originaltasuna hartuko ditu kontuan puntuazioak ematerako orduan, kalitate tekniko eta artistikoarekin batera.

Sariei dagokienez, ez dira nolanahikoak izango! Bideo eta argazkien sailean reflex kamera bana eskuratuko dute irabazleek, idatzien sailean ordenagailu eramangarria, eta ilustrazioetan tableta grafikoa eta memoria eramangarria.

Sariak apirilean Donostian antolatuko dugun jardunaldian banatuko dira. Jardunaldi horretan mikromatxismoaren inguruko lanketa egingo dugu gazte eragileekin eta mugimendu feministako kolektiboekin elkarlanean. Ekitaldi parte hartzailea izango da, taldeetan batu eta elkarren esperientziak partekatzeko erabiliko duguna.

Lehiaketaren oinarri guztiak ikusteko sartu lotura honetan, eta epea amaitzean, bertan batuko ditugu lan guztiak, bilduma eder bat osatuz.Taldean zein bakarka, ekin burua eragiteari eta ea ideia polit bat gorpuzten duzuen! Sari erakargarriak eskuratu ditzazkezue!