Martxan da Euspot lehiaketaren IV. edizioa

Martxan da Euspot lehiaketaren IV. edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-euspot-lehiaketaren-iv-edizioa/@@download/image/euspot-2015-aur_1422360996.jpg
2015/01/27
berria
Erredakzioa @Gaztezulo
Martxan da Euspot lehiaketaren IV. edizioa
Laugarrenez martxan da Aretxabaletako Udalaren, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Arteman Komunikazioaren elkarlanaren bitartez, publizitate arloan euskara sustatzeko helburua duen Euspot lehiaketa.


Publizitate arloan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin sortu zuten 2012an lehen aldiz euskarazko spoten lehiaketa. Laugarren edizioa martxan da dagoeneko, eta parte hartzeko interesa duen guztiak apirilaren 24a bitarte du aukera.

2014ko edizioan ‘Pintxo poeta eta euskara’ izan bazen spot lehiaketaren gai nagusia, aurten, ‘Autoak eta pertsonak (elkarbizitza orekatua)’ proposatu dute antolatzaileek. Parte hartzeko interesa duen guztiak, hortaz, gai honen inguruan, nahi duen formatu eta ekoizpenaren bitartez, 20 eta 30 segundu bitarteko spota aurkeztu beharko du, euskara hutsean.

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 7an egingo dute Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan, eta aurkeztutako lan guztien artean lau sari banatuko dituzte. Spot hoberenak 1.000 euro jasoko du, publikoaren sariak 500 euro, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik hoberenak 500 euro eta, azkenik, 14 eta 18 urte bitarteko partaideen artean 250 euroko ordainsaria jasoko du Gazteen sariak.