Literatura plazer-iturri dela frogatzeko: Literaturia Zarautzen

Literatura plazer-iturri dela frogatzeko: Literaturia Zarautzen https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/04/21
berria
Literatura plazer-iturri dela frogatzeko: Literaturia Zarautzen
Maiatzaren 19tik 23ra bitarte, errezitaldiak, solasaldiak, liburu aurkezpenak, liburu azoka eta musika hartuko ditu Zarautzek, aurtengoan 'larrua' gai nagusitzat hartuta

Literaturia kultur elkarteak programa oparoa prestatu du, beste behin, literatura plazer-iturri dela frogatzeko. Hala, maiatzaren 19tik 23ra bitarte Zarautzera hurbiltzen denak letrekin, idazleekin baina baita musikarekin eta bestelako adierazpideekin gozatzeko aukera zabala izango du.

Gurean erreferentziazkoak diren izen askoren topaleku izango da Zarautz egun horietan:
Miren Agur Meabe irekiera hitzaldiaz arduratuko da; Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik hitzak, musika eta inprobisazioa nahastuko dituzte Maitiak galdegin zautan emanaldian; eta larruaz eta literaturaz hitz egingo dute Eider Rodriguezek eta Kirmen Uribek, Goizalde Landabasorekin.
Bestalde, Oier Guillan idazle eta aktoreak, eta Itu Bandako Alazne Arrutik estreinaldi bana ekarriko dute: Mr Señora errezitaldi dramatizatua eta Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna, hurrenez hurren.

Antolatzaileen esanetan, Literaturia topagune bat da guztiaren gainetik: diziplinen arteko topagunea, eta idazleen, editoreen eta irakurleen artekoa. Hain zuzen, liburu azokak eta liburu argitaratu berrien aurkezpenek aukera ezin hobea eskaintzen die batzuei eta besteei elkartzeko, iritziak trukatzeko eta harremanak egiteko.

Azoka Musika Plazan izango da, eta aurkezpenak, berriz, Garoa liburu-dendan. Horrenbestez, herri gunean bilduko dira Literaturiaren ekitaldi guztiak.

Literaturia_2016_Plazer hutsa from Juanfe Garces on Vimeo.