Karrikan plataforma sortu dute euskal kale artea sustatzeko

Karrikan plataforma sortu dute euskal kale artea sustatzeko https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/03
berria
Karrikan plataforma sortu dute euskal kale artea sustatzeko
Besteak beste, lehiaketa bat antolatu dute, eta plataforma babesten duten zazpi entitateek proiektu irabazlea programatuko dute 2017an zehar. Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da ekainaren 18ra arte.

Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Zarautz eta Hendaiako Udalek, baita Errobiko Mankomunitateak (Lapurdi) eta Nafarroako Quiero Teatro sustatzaileak Karrikan plataforma jarri dute martxan. Zazpi agenteok ideia berbera baitute jomugan: beren jardun artistikoa zazpi euskal lurraldeetako espazio publikoan garatzen duten talde, artista nahiz konpainien sormen lan originalei bultzada ematea; hasiberriak, profesionalak zein profesional bidean daudenak izan.

Hala, lehiaketa bidez proiektu bat aukeratu eta modu globalean babesteko konpromisoa hartu dute. Zuzeneko ikuskizunen baitako diziplina guztiak onartuko dituzte (antzerkia, dantza, zirkua, diziplina ugariko ikuskizunak, etab), baina lehentasuna emango diete testurik gabeko eta euskarazko proiektuei, baita formatu txiki edo ertaineko proposamenei ere. Era berean, proiektuen originaltasun nahiz zorroztasuna baloratuko dute, baita hauen bideragarritasuna ere.

Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 18ra arte egongo da zabalik, eta proiektu hautatuak 12.000–16.000 euro bitarteko laguntza ekonomikoa jasoko du. Horretaz gain, erresidentzia-aldien bitartez, sormen baldintza profesionalak bermatuko zaizkie egileei, eta aholkularitza tekniko-artistikoa ere jaso ahal izango dute.

Horretaz gain, Bilboko Udalak antolatzen duen Kalealdia jaialdiaren programan, Gasteizko Kaldearte jaialdian eta Zarauzko Kalerki jaialdian ere izango du tartea proiektu irabazleak. Errobi Herri Elkargokoo Hameka Karrikako Arteen Fabrikak, Iruñeako Udalak, Hendaiako Kultur Etxeak eta Nafarroako Quiero Teatro sustatzaileak ere programatuko dute.