Jotaren omenezko 'Jotamentala' dokumentala, Aiko taldearen eskutik

Jotaren omenezko 'Jotamentala' dokumentala, Aiko taldearen eskutik https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/04/29
berria
Dantza
Jotaren omenezko 'Jotamentala' dokumentala, Aiko taldearen eskutik
"Erabateko" dantzatzat dute Aiko taldeko kideek jota. Hala, modu batera edo bestera folkloreari lotutako izen handien testigantzak bildu dituzte Durangoko Bideografik ekoiztetxearekin elkarlanean sortutako ikus-entzunezko honetan.

Jatorrian Elizak bekatuzkotzat hartua eta euskal nazionalismoak garbi eta kasto bilakatua, jota landa inguruko munduarekin izan du lotura beti, baina hirikoa ere izan da eta da, etengabe berriztatzen baita, egun erabat indarrean den kultur adierazpena baita.

Aiko Taldeak dantza "totala" dela uste du, oso aberatsa, dimentsio askoduna, harago begiratzeko aukera ematen duena, eta horregatik erabaki zuten honen omenezko dokumental bat egitea; halaxe sortu dute Jotamentala ikus-entzunezkoa.

Dagoeneko Euskal Herriko hirigune garrantzitsuenetan aurkeztu dute (Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean), eta hurrengo emanaldiak Durangon (ekainren 2an, Plateruenan) eta Markinan (ekainaren 10ean, Uhagon Kulturgunean) izango dira.

50 minututan jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du Jotamentala-k, dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, testuinguru soziopolitiko desberdinak aipatu eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunera iritsi arte. Ikus-entzulegoa hainbat motatako eszenatokitara darama gainera: Aiko taldearen ikastaro nahiz emanaldietara, Kukai edota Ereintza dantza taldeen koreografietara, XVIII. mendeko jauregietara, XVI. mendeko gallarda bat berregitera, telebistako irudietara, gaur egun artxibategietan kontserbatzen diren etxean egindako filmazioetara, antzinako argazkietara…

Egileek ahalegin berezia egin dute, euren esperientzia eta ibilbidea kontuan izanda, jotari buruz zer esana duten ahots garrantzitsuak elkartzeko. Horien artean daude, besteak beste, Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Irigoyen, Jose Inazio Ansorena, Jon Pertika, Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Kepa Artetxe edo Xabier Etxabe. Dantza herrikoiaren erretratu aberats eta inpresionista horretan, bakoitzak, folklorearen adierazpen horren dimentsio anitzeko ikuspegia aberasten duen ikuspuntua ematen du. Azpimarratzekoa da, baita ere, Jon Maya Kukai Dantza Konpainiaren zuzendari eta AikoTaldearen sortzaileetako baten partaidetza; eta baita Cesc Gelabert koreografo kataluniarrarena edota Sergio Cobos (Galizia), Agustin Garcia (Salamanca), Jesus Vicente eta Rosa Cuervo (Asturias) dantza maisuena ere.


Aiko taldea

Aiko taldea, dantza tradizionala pasioz bizi duten eta hainbat jardueraren bitartez dantza hori zabaltzeko eta hedatzeko lan egiten duten musikari eta dantza maisuz osatutako taldea da: interpretatuz, dantza eginez, irakatsiz, grabatuz, ikertuz. Jota-fandangoaren azterketa eta transmisioa, dantza tradizionalaren inguruan aurrera daraman lanaren beste atal bat da.



 

 

Jotamentala - Trailer from Bideografik on Vimeo.