ITXARO BORDA: Albertina itzuli da

ITXARO BORDA: Albertina itzuli da https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/09/20
berria
ITXARO BORDA: Albertina itzuli da
Zulobero kontaketa erotikoen atala estreinatu dugu Gaztezulon; Itxaro Borda idazlea ohorezko kolaboratzailea izendatu dugu, eta hasiera apurtzailea eman dio atal berriari!

'Irudikapena da jendeak daukan altxor bakarra'. Sade Markesa.

Bortitz eta biolentzia nahikundeek haragia bahitzen diguten egunak badira. Egarri eta gose zebilen hirian barna. Ukabilkaz jotzen zituen hormak eta espaloietan barreiatu zaborretan ostiko zainartak ematen zituen bere baitako haserreaz husteko.
Egunkari saltzaileen dendetako aldizkari koloretsuetako argazkietako emakumeren bat ukan balu eskupean egiazki zitzikatuko zuela iruditzen zitzaion. Ez zekien ordea nor hauta: Robin Wright ala Destiny Hope?
Langabezian zen Maitane. Denbora pasatzen zuen eratorrian. Batek erran zezakeen mentura bila nekatzen zela eta besteak Pussy Cat leku galgarritik atera ikusten zuela, ardura. Erraiak sutan nabaritzen zituenean alabaina hara zuzentzen zen hanka arteko garrak itotzeko.
Hori ezin zuen ukatu.
Larrua itsura jotzea gustatzen zitzaion. Emakumeekin bereziki. Gehienak ez zirelarik alta Destiny Hope pulposaren antzekoak. Urtea eskas honetan ireki zuten taberna tepuan sartzen zenean ahanzten zuen langabezia, ahanzten zuen krisia, ahanzten zuen adinean hara zihoala, alderantziz, lilurazko betikotasun idiliko batean zirauela sentitzen zuen eta berehala bortitzaren eta biolentziaren ordez bakea ernatzen zitzaion molekula motelen arteketatik.
Billete berde plegatua sarrerako zakur aurpegiko zaindariaren bular artean kokatu zuen eta ordu parrasta batez egoten ahal zen Pussy Cat aterpe barrokoaren gerizan. Zaindariaren izar itxurako zilarrezko titi burua musukatzean bertan alua bustitzen zitzaion eta halako ikara batek errausten zion gorputz osoa. Harrigarria zen. Daldara hezeak atsegin olde ezezagunaren bidea zabaltzen zion: gozatzeko xedea zuen, horixe baietz!
Harrerako jargia gorrietan, erregina larderiatsu, Justina izeneko neskatiko abantailatua ageri zen. Laster, Maitane biluzi zuen profesional baten maneran, harremanetan desio izpirik ez bailitzan. Maitanek fereka lizunak hartzen zituen sabel pean, kilikak lepondoan eta ausikiak behereko ezpainetan. Ez zen kantitzen, jokoaren arauek debekatzen baitzioten. Justinak oihal puska beltza begietan tinkatu zion eta Arvö Parten Spiegel im Spiegel musika zatia hautematen zen gelaraino lagundu zuen.
Lila usaina zuen ganbarak. Ohikoan hitz soberarik ez zeukan Maitanek baina une hartan adjektiboak biderkatzen zitzaizkion kasko zokoan: zoragarria, beroa, usantsua… sexuaren perspektibak sintaxia askatzen zion, sinetsi ezin. Pianoa jolasten zela txeloarekin, ahur gurintsuak igurtzi zion bizkar hezurra, goitik behera:

-Laztana! Laztana!
-Amildu nazazu…
-Luzatu zaitez kuttuna!
-Nor zara?
-Aski nauzu Albertina deitzea.
-Uste nuen desagertua zinela?

Isiltasuna egin zen. Albertinak Maitane ohean etzan zuen besoak eta zangoak gurutzean zabalik. Hotz zirrista bat sentitu zuen. Zeremonia maisuak esku eta oin muturrak burdinez estekatu zizkion ohe kantoiari eta mihia klitoriaren gainean joan etorrian lerratzen utzi zion. Tua, Maitaneren sexutik jauki lekedarekin nahasten zen, itsaso. Mingainak gero sabela, bularrak, ahoak, belarriak, azpi arteak, ipurdi zuloaren hegiak milikatu zizkion, jolasaren gidari trebeak beirazko zakila hormatua aluan banpez sartu zion bitartean.
Negar zorian zen Maitane. Behatzak nahiko zituen bere pegarra bolboratsura eraman, baina nekez. Preso zeukaten. Auhen eta intziri zetzan. Anartean Albertinak alegiazko zakilari eragiten zion, bortitz eta ezti, aldizka. Zakila klitoriaren eremuan nagitzen zihoakion. Neska lodikotearen hortzak indartsu ze titi buruetan, odoleraino ausikiz, minaren partez plazer uherra aireratzen zela. Malkoa jazarri zitzaion.

-Bai, bai, bai…
-Lasai, laztana, ez da bukatua.
-Orgasmora nazazu.

Zartatzear zegoen Maitane. Deus ez bailitzan Albertinak ekialdeko lore zitalez perfumatu olio epela isuri zuen ttanttaka gorputz eskainira eta hedatzeari ekin zion balakaz balaka. Ferekek sumendia iratzarri zuten, beirazko zakilak magma kementsua ukitu zuen eta aluaren atariko kukurusta gorria gogortu zen, zain bakoitzaz azkena aldarrikatzen zuela. Albertinaren gostuko ordea, ez zen oraino tenorea.
Andere misteriotsua biluzik zela konturatu zen Maitane, kukubilko, alua bere ahoaren geldoan paratu ziola baimendu zuenean.

-Ustia nazan…
-Goseak naroa…
-Jan nazan…

Manu zorrotza baino, ordena pausatua zen. Menperatuaren mihiak eta ezpainak lehen aldiz ekile bilakatu ziren eta atsegina are handiago ernatu zitzaion hesteen esteketan. Biak zapartatzera zihoazela ohartu zenean Albertina Maitaneren aurpegitik altxatu zen eta gorputzean behera klikaz klika joan zitzaizkion behatzak, aluaren sakonetik beirazko zakila kendu zion arte.
Bat-batean umezurtz bihurtu zen. Sekula ez bezala. Gurasoak 2001-eko atentatu entzutetsuan galdu zituen egunean nola. Egiaz, munduaren hasierak itxuratzen zituen zuloa betetzen zion alegiazko zakilak. Albertinaren bular oparoek tapatu zioten hutsik eta euri abandonatu tokia, emakumearengan nostalgiaren lurrinak hegalda araziz. Bularrak zioen, baina edozer izan zitezkeen, plastikozko bola leunak edo jende larru sintetikoz osatu borobil erosoak. Soa murritz zeukan.
Denboraren eta bekatuaren sentsazioak galduak zituen arras. Plazer saminean ihalozka zebilen arraiki. Nahiko zuen mundua biribilkatzetik nehoiz ez balitz geldituko, haragiaren dardarak bizitza bilbatuarenak bailiran. Orgasmoaren holtzean bere baitako poeta zutundu zen erortzeko beldurrik gabe.
Urkatuko zuketen otso eme trabatuaren zintzur orroa entzun zuen. Bere garrasia zen, alabaina. Ahur garratzak burdinazko estekak laxatu zizkion eta horrela geratu zuen bulta batez, gurutzefikatua, trabatua, betazalak gatibu eta mugitu ezinik, atseginak erabat hustua. Albertinak, belarrira:

-Bukatu dut baina ez da bukatua.
-Dolore uhin bat naiz.
-Justinak kenduko dizu bekokiko oihala. Abentura berri baten hasiera izanen da.

Desio duzuna zarenez gero desio duzuna zurea da.
Eskuineko eskua hanketara zuzendu eta aluaren ezpondetan nagitu zitzaizkion hatzak. Justina etorri artean, Spiegel im Spiegel soinuaren neurrian, masturbatzeko beta edukiko zuen.

-Julieta zazpigarren gelan aiduru duzu…

Eratorriaren zorabioak zaroan.