Hendaiako Nekatoenea baserriko literatura egonaldia prestatzen ari dira

Hendaiako Nekatoenea baserriko literatura egonaldia prestatzen ari dira https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/04/20
berria
Hendaiako Nekatoenea baserriko literatura egonaldia prestatzen ari dira
Hilabeteko egonaldiaz gain, 1.000 euroko beka jasoko du epaimahaiak aukeratutako egileak. Hautagaitza txostenak bidaltzeko azken eguna: maiatzaren 17a

Seigarren aldiz, Euskal Kultur Erakundeak (EKE), Euskal Itsasbazterreko CPIEk eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) gazte literatur egonaldia antolatuko dute Hendaian, Nekatorena artisten egoitzan. Beka hau eskuratzen duen gazteak 2016ko urria eta azaroa bitarte bere sormena tailer-apartamentu batean garatzeko aukera izango du, Nekatorena baserrian hain justu, inguru zoragarri batean. Horrez gain, 1.000 euroko diru ekarpena ere jasoko du.

Hautagaitza txostenak (egitasmoa, CVa, erreferentzia literarioak) maiatzaren 17a baino lehen bidali behar dira hiru erakunde horietako batera edota euren posta elektronikoetara. Antolatzaileek artistaren esku utziko dute ekoizpen mota eta gaiaren inguruko erabakia, beti ere euskarazkoa izanik.

Ikasle gazteekin jarduera bat

Beka eskuratzen duen egilea, halaber, 12 orduz elkartuko da 12 urtetik gorako ikasle talde batekin, bere idazlanari buruz proposatu nahi duen tailerra lantzeko eta, hala, ikasleen artean literaturzaletasuna sustatzeko.