Ganbara, euskarazko zinearen gordailua ezagutzen al duzu?

Ganbara, euskarazko zinearen gordailua ezagutzen al duzu? https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/10/17
berria
Ganbara, euskarazko zinearen gordailua ezagutzen al duzu?
Zinea Sortzen enpresako zuzendari Ritxi Lizartzak eta Zinea.eus atariaren kudeatzaile Maialen Goñik Ganbara izeneko euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute. Donostiako Tabakaleran egin dute aurkezpena.

Ganbara datu-basea online eta doakoa da, eta euskarazko zinemagintzaren argazki historikoa egitea du helburu, lehen pelikula filmatu zenetik gaur egunera arte. Horretarako, euskaraz egindako film luze eta laburren (fikzio, animazio zein dokumental) fitxak kontsultatzeko aukera eskaintzen du, baita ikus-entzunezko sektoreko profesionalen datuak ere.

«Euskal zinemagintzak ez du orain arte artxibategi digitalik izan, eta hutsune horri erantzun bat emateko asmoz abiatu du egitasmoa Zinea Sortzenek», adierazi du Lizartzak aurkezpenean. Ganbara euskaraz egindako film guztien katalogoa da, eta horixe du, hain zuzen ere, balioetan lehena: filmatutako lanen zerrenda osatua izatea. Urtetik urtera euskaraz sortu denaren bilakaera jarraitzeko aukera emango du, baita zinemagintzan jarduten duten erakundeak, ekoizpen-etxeak eta profesionalak ezagutzekoa ere. Informazio hori guztia aurkitzea erraztuko du, eta euskarazko zinemagintzaren kontsumoa indartzeko balioko du. «Ez hori bakarrik; aldatu egingo du zinea kontsumitzeko modua bera ere, baliabide berri bat eskainita: gidoiak, alegia», nabarmendu du proiektu-buruak.

Proiektua garapen-fasean izan da azken hilabeteetan, eta, lehen edukien bilketa eginda, ataria martxan da gaurtik aurrera. «Uneotan, 200dik gora filmen, 400 profesional baino gehiagoren eta 50 enpresa ingururen fitxak kontsulta daitezke, baita haiekin lotutako dozenaka albiste eta kritika ere», erantsi du Goñik.

ganbara-zinea-eus-aurkezpena-02


Epe luzerako egitasmoa

Alabaina, proiektuak lehen urratsak baino ez ditu egin. «Ataria publiko egitearen helburu nagusia, erabiltzaileei informazioa kontsultatzeko aukera emateaz gain, sektoreko eragile eta profesionalen babesa eta laguntza jasotzea da», azaldu du Lizartzak. «Ganbara epe luzera sortutako egitasmoa da; etengabe osatzen eta betetzen joango den artxibategia. Horregatik, ikus-entzunezko industrian inplikatutakoen kolaborazioa ezinbestekoa da, datu-baseak hazten jarrai dezan». Haatik, kopurua ez ezik, eduki mota ere ugaritu egingo da, euskarara ekarritako filmei egingo baitie aurki lekua. «Euskaraz bikoiztu eta azpititulatutako filmen fitxak sortuko ditugu pixkanaka, eta horrek euskaraz kontsumitu daitezkeen filmen kopuru erreala jarriko du agerian. Orain arte, 3.500 izenburu biltzea lortu dugu, baina oraindik asko ditugu zerrendara ekartzeko», gaineratu du Goñik. Euskarazko zinearekin lotutako materialak ere (hala nola liburuak, tesiak, ikerketak, kritikak eta aipamenak) eskuragai jarriko dituzte aurrerago.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, bai eta Euskadiko Filmategiaren laguntza ere. Era berean, lotura estua du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren Kultura Auzolanean egitasmoarekin, euskarazko ikus-entzunezko eduki guztiekin datu-basea osatzeko asmoa baitute, euskarazko zinemaren kontsumoa sustatzeko.

Honenbestez, sartu GANBARAN eta hasi nabigatzen!