Europa Bat-Batean, kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa

Europa Bat-Batean, kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/europa-batbatean-kantu-inprobisatuaren-nazioarteko-topaketa/@@download/image/europa_batbatea_1460620200.jpg
2016/04/14
berria
Europa Bat-Batean, kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa
Apirilan nahiz uztailan zehar bat-bateko saioen eta jardunaldi akademikoen bitartez garatuko duten egitasmoak munduko beste kantu inprobisatuak ekarriko ditu Euskal Herrira, bertsolaritza ere gure mugetatik kanpo ezagutaraziz eta zubiak eraikiz

Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostia 2016 Europar Hiriburuak eta UPV/EHUko Udal Ikastaroek atzo aurkeztu zuten Europa Bat-Batean ekimenak bat-bateko kantuaren topaleku bilakatuko du Euskal Herria datozen hilabeteotan.
 
Nazioarteko hainbat adituren hitzaldi nahiz mahai inguruek, eta munduko hamaika txokotatik etorritako ordezkarien bat-bateko saioek osatuko dute programa. Besteak beste, Sardinia, Kurdistan, Galiza, Kanariak, Herrialde Katalanak, Gales, Austria, Zipre, Kuba, Mexiko eta Euskal Herriko inprobisatzaileak ariko dira; bederatzi hizkuntza eta hamaika adierazpide ezberdinetan.

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, gutxiengoan dauden hizkuntzen testuinguruen eta ahozko tradizioaren arteko erlazioa, ezagutzen ez ditugun kantu inprobisatuen deskripzioak eta genero-ikuspegia izango dira Europa bat-batean programaren baitako ekimen ororen ardatz. 


Girotze saioak apirilaren 16–23 bitarte:
Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak kantuan


Iragan 2015eko udazkenean Leonen eta Bartzelonan dagoeneko gauzatutako jardunaldiei segida emanez, apirilaren 16tik 23ra bitarte girotze saioak izango dira Euskal Herrian barrena. Hauetan, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak ariko dira, adierazpide bakoitzeko bina; baita musikariek ere adierazpideak hala eskatzen duenean. Bestalde, inprobisatzaileen jarduna jarraitu ahal izateko saioak euskarara itzuliko dira.  
Girotze saio hauek Bilbo, Hernani, Donostia, Iruñea, Markina-Xemein, Uztaritze eta Aramaiora helduko dira.
 

Nazioarteko topaketa uztailaren 11–16 bitarte:
Jardunaldi akademikoak goizez eta bat-bateko saioak arratsaldez


Nazioarteko Topaketa bera udan iritsiko da, eta Donostia izango du elkargune.

Alde batetik, UPV/EHUko Udal Ikastaroen testuinguruan, Nazioarteko goi mailako adituek kantu inprobisatuari buruzko ikerketak eta gogoetak plazaratuko dituzte Miramar Jauregiko jardunaldi akademikoetan.
Hitzaldiak eta mahai inguruak ez ezik, kantu inprobisatuarekin edo inprobisatzaileekin zerikusia duten filmak eta argazki erakusketak ikusteko aukera ere izango da bertan.
Hartzaile mota zabalari zuzendutako jardunaldiak dira: kantu inprobisatuari buruzko interesa duten zale, sortzaile eta adituentzat ez ezik, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lanean ari diren irakasleentzat, genero perspektibari buruz interesa duen ororentzat eta hizkuntza gutxituen inguruan kezka duten guztientzat. Izen ematea uztailaren 6ra arte egongo da zabalik EHUko Uda Ikastaroen webgunean: www.uik.eus

Bestetik, arratsaldez, kantu inprobisatuen nazioarteko ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Sei saio izango dira orotara, guztiak ilunabarrean, eta Kuba, Mexiko, Herrialde Katalanak, Gales, Austria, Zipre nahiz Euskal Herriko inprobisatzaileek hartuko dute parte.


Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren testuinguruan

2003an Bertsozale Elkarteak Ahozko inprobisazioa munduan nazioarteko topaketa antolatu zuen, lau kontinente eta hamaika herritako kideak gure herrira ekarrita. Orduko hartan elkarrengandik ikasteko eta bat-batekoari buruzko kontzientzia piztu zen, baina harrezkerotik bertsolariek atzerrian hainbat jardunalditan parte hartu izan duten arren, Euskal Herrian ez da besterik antolatu. Orain, Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren testuinguruak abagune paregabea zabaldu du berriro elkartzeko.