Eremuak plataformak Harriak arte-garaikide programa jarri du martxan

Eremuak plataformak Harriak arte-garaikide programa jarri du martxan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/05
berria
Eremuak plataformak Harriak arte-garaikide programa jarri du martxan
Herri txikietan sorkuntza garaikidearekiko sentiberatasuna bultzatu eta artearen inguruko lan- eta bitartekaritza-prozesuak ikusarazteko asmoz abiatu dute. EAEko hainbat kultura-aretotan jorratuko da, gorabidean datozen artista eta bitartekarien partaidetzarekin.

Eusko Jaurlaritzak babestuta, egile garaikideen praktika artistikoak bultzatzeko plataforma independentea da Eremuak. Hasiberrien jardun artistikoa espazio publikoan partekatu eta komunikatzeko zailtasunez jakitun eta horri aurre egiteko, Harriak programa jarri dute orain martxan.

Hala, EAEko bost udalerritako (Gueñes, Dulantzi, Andoain, Arrasate eta Lekeitio) Kultur Etxeekin elkarlanean, arte garaikidea sozializatuko duen zirkuitua osatu dute.

Aurreneko zita edo geralekua Gueñesko ArenatzArte gunean izango da, HALO erakusketaren eskutik, maiatzaren 2tik 29ra bitarte. Honetan, objektuak, prozesuak eta paisaiak birpentsatu eta zalantzan jatzen dituzten lanak izango dira ikusgai. Hutsean jauzi eginez eta paraxutaz lurreratuz, eremua miatu eta orekan dauden espazioak aurkituko ditugu. Beti dago desberdintasun-tartea kontatu digutenaren eta ikusten dugunaren artean.