Ekainaren 1ean irekiko dute Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketako izen ematea

Ekainaren 1ean irekiko dute Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketako izen ematea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/16
berria
Ekainaren 1ean irekiko dute Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketako izen ematea
Irailaren 20an hasi eta 23ra arte, hautatutako zuzendari gazteek beren film laburrak erakusteko aukera izango dute Donostia Zinemaldian


Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean antolatu dute Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketa; ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntza elkarbanatzea da topaketaren helburu nagusia, eta ekainaren 1ean irekiko dute izena emateko epea.



Topaketan, zuzendari gazteek beren film laburrak erakutsiko dituzte; gainera, bertaratzen diren adituen iritziak jaso eta beraien interesguneak lantzeko tailerretan eta master class-etan parte hartzeko aukera izango dute.



Lan onenak ikusleei zein Zinemaldiko gonbidatuei zuzendutako saioetan eskainiko dituzte. Saio horietan ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak egongo dira, ikasleekin hitz egiteko prest. Bestalde, teoria eta praktika zinematografikoari buruz solasean aritu edota ekoizpen eredu ezberdinak eta zine industriak nola funtzionatzen duen ezagutzeko aukera eskainiko diete.

Parte hartzeko baldintzak

Hautaketara aurkezten den eskola bakoitzak gehienez hiru film labur aurkeztu ahal izango ditu; filmak 2014/2015 eta 2015/2016 ikasturteetan egindakoak izan beharko dute. Guztira hamalau lan inguru lehiatuko dira topaketan.



Film irabazlea zein den erabakitzeko epaimahai bat osatuko dute topaketan parte hartzen duten eskoletako ikasleekin. Gainera, talde horrek zinemako pertsona ospetsu baten laguntza izango du. Irabazleak bi sariren artean aukeratu beharko du; lau astez filmatzeko RED Epic kamera erabiltzeko aukera edo Panavision materiala alokatzeko 10.000 euroko mailegua.



Bestalde, euskal zentroetako ikasleek, HUHEZIko irakasle batek eta Orona Fundazioko Garapen Zuzendaritzak osatutako epaimahai batek 5.000 euroko Orona Saria eskainiko dio film labur berritzaileenari.