Zigor Etxeberria (Jai Alai Blues): "AEBetako 70 eta 80ko hamarkadak asko harrapatu gaitu"

Zigor Etxeberria (Jai Alai Blues): "AEBetako 70 eta 80ko hamarkadak asko harrapatu gaitu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zigor-etxeberria-jai-alai-blues-aebetako-70-eta-80ko-hamarkadak-asko-harrapatu-gaitu/@@download/image/zigo_gorka_1456483275.jpg
2016/02/26
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB) eta Leire Palacios (@AnnieSdelMono)
Zigor Etxeberria (Jai Alai Blues): "AEBetako 70 eta 80ko hamarkadak asko harrapatu gaitu"

Bartzelonako Euskal Etxeak otsailaren 22an itxi zuen 2016ko Zinemaldia.cat eta dokumentalen sailean ‘Jai Alai Blues’ lanak irabazi zuen Urrezko Txapela. Berde Produkzioak ekoiztetxeko Zigor Etxeberriarekin izan gara. 


Bartzelonako Zinemaldian dokumentalik hoberenaren saria jaso berri duzue. Zenbaterainoko garrantzia du sariak zuentzat?

Edozein sarik, txiki zein handi, garrantzia handia du guretzat. Bartzelonako zinemaldia maitasunez egiten den festibala dela ikusi dugu, eta bertan parte hartu ahal izatea polita izan da guretzat. Jai Alai Blues aurrera eramatea lan gogorra izan da momentu askotan, eta beraz, Bartzelonako zinema jaialdiaren errekonozimendua jasotzeak aurrera egiteko indarra eman digu. 

Eta zenbat indar eman dizue Bartzelonako Zinemaldian parte hartzeak?

Hainbat urte lanean egon garenez estreinatu ostean hutsune arraro bat sentitu dugu, horregatik Bartzelonako zinemaldira joan eta saria jasotzeak asko animatu gaitu! Euskal zinemari mundura begira leiho polit bat irekitzen dio Bartzelonako Zinemaldiak. Pelikulen aukeraketa irizpide zorrotzen araberakoa denez, parte hartu ahal izatea harro egoteko modukoa da...

Noiz eta nola sortu zitzaizuen ‘Jai Alai Blues’ dokumentala egiteko ideia?

Nire haurtzaroko etxetik Gernika Jai Alaiko pilotakaden hotsa entzuten da, pilotan ere ibili nintzen, nahiko txarra nintzen arren kantxan. Frontoiko girotik kontu zaharrak entzutea gustatzen zitzaidan. Behar bada hauxe da Jai Alai Blues-en hastapena. 

Aspaldiko amets bati forma eman diozu, beraz...

Bai, 2010ean Amerikanuak egitea aldaketa bat izan zen gure ekoiztetxean. Geroztik lantalde zoragarri bat osatu dugu. Jose Luis Barredo, Gorka Bilbao, Hannot Mintegia, Iñigo Egido, Roberto Quintana, Berta Lopez, Xabi Agirre, Gaizka Bourgeaud, Jokin Agirregoikoa, Santi Ron, Audience, Aitor Etxebarria eta oraintxe ahaztuko zaizkidan beste asko. Jai Alai Blues sortu dugun lantalde sendoak ezaugarritzen du gure egitekoa.

Zein zen dokumentalaren helburu nagusia? Bete da?

Jai Alaiaren historia hartuta gure erara kontu bat egitea zen helburua eta bete dugula esango nuke, gustura geratu baikara emaitzarekin.

Zergaitik ‘Jai Alai Blues’?

Dokumentalaren izena, proiektuaz berbetan ari ginela Jose Mari Argoitia lagunarekin bat-batean bota zuen ia hasi aurretik. Gure lanari ezin zaio izen hoberik jarri!

Zenbat denbora eman dizue dokumentala egiteak? 

Dokumentatzeko lehen elkarrizketa 2011an egin genuen eta handik aurrera gutxinaka hasi ginen lanean, gero eta intentsitate handiagoa hartuz. Dokumentalaren osotasuna, gehien bat, azken bi urteetan gorpuztu dugu.

Zeintzuk izan dira proiektua aurrera ateratzeko gainditu behar izan dituzuen oztopoak?
Zailtasun handiena materiala sailkatzea izan da, dudarik gabe. Material zoragarria bildu dugu, serie bat egiteko beste. Askoz errazagoa izango litzateke ordubeteko lau edo bost kapitulu egitea pelikula osoa egitea baino. Gauza ederrak utzi behar izan ditugu kanpoan eta benetan mingarria egin zaigu. Gure pozgarria beti izan da kanpoan utzitakoak egunen baten serie batean indar gehiagorekin agertuko direla pentsatzea.

Zuen aurreko lanean bezala, honetan ere, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) jarri duzue begirada. Nolatan?

Kasualitatea izan da, baina oso gustukoak ditugu AEBko euskaldunen istorioak.
 Anekdota bezala gelditzen da Amerikanuak dokumentalean agertzen den Ramón Zugazaga JR Rementeriaren osaba dela. Gogoratzen dut Ramonek bere Biltoki tabernan nola erakusten zuen harro bere ilobaren zesta.

Oraindik ikusi ez duenak, zer aurkituko du ‘Jai Alai Blues’ dokumentalean?

Kontu ikusgarri bat, thriller ikaragarria, informazio asko botatzen duen pelikula erritmo bizi-bizia eta hainbat pertsonaia zoragarri. Zesta puntaren atzo eta gaurko ikuspegi bat, finean.

70eko eta 80ko zesta puntaren argazkia azpimarratu duzue dokumentalean. Nolatan? 

Batu dugun dokumentazioaren kopurua handia izan da, Jai Alaiaren edozein garai azpimarratzeko bestekoa. AEBetako 70 eta 80ko hamarkadak asko harrapatu gaitu. Besteak Jai Alai Blues seriean ateratzeko gorde ditugu...

Amaitzeko, hemendik aurrera, zein da zuen erronka nagusia?

Baditugu proiektu berriak bidean eta baita beste batzuk martxan jartzekotan ere. Zorionez, lanik ez zaigu falta momentuz. Aurrera begira, zesta puntari dagokionez arnas apur bat hartzen dugunean, ez dugu baztertzen gaia berriro ere hartzea. 


Non ikusi?


  • Otsailak 26, ostirala, Lekeition
  • Martxoak 3, osteguna, Soraluzen
  • Martxoak 3, osteguna, Zarautzen
  • Martxoak 10, osteguna, Eibarren
  • Martxoak 15, asteartea, Andoainen
  • Martxoak 17 eta 18, ostegun eta ostiral, Recontres Sur Les Docks festibalean, Iparralden,
  • Martxoak 29, larunbata, Cabanillasen
  • Apirilak 13, igandea, Gasteizen
  • Urriak 7, ostirala, Iruñean

*BCN Sports film festibalean eta Seattle All Sports-ean: Datak zehazteke