Wiki-hiriak; hiriburutza digitalak

Wiki-hiriak; hiriburutza digitalak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/07/13
erreportajea
TESTUA: Egoitz Gonzalez @aldakur
Wiki-hiriak; hiriburutza digitalak
Wikipedia eta QR teknologia baliatuta, eta herritarren ekimenez, auzo, herri zein hiriei lotutako informazioa digitalizatzeko prozesuak aurrera eramaten ari dira
hainbat lekutan. Donostiako Amara auzoak lehen pausoa eman du jada.


Galesen kokaturik dagoen eta 9.000 biztanle inguru dituen Monmounth herriak bere izena letra larriz idatzita du Interneteko historian: munduko lehen Wiki-hiria da. Ondoren etorri zen Suediako Umea, 2014an Europako Kultur Hiriburu ere izan zena.

Baina, zer da Wiki-hiria? Hiriburu digitala izateko bi ezaugarri bete behar dituzte hiriek. Alde batetik, hiriari buruzko informazio asko egon behar da digitalizatuta eta Wikipedian artikulu gisa sartuta. Era berean, artikulu horiek ahalik eta hizkuntzarik gehienetan egon behar dira eskuragarri. Monmounth hiri aintzindariaren kasuan, adibidez, oso denbora gutxian herriari eta bertako leku edo pertsonaiei lotutako 500 artikulu idatzi zituzten, eta 25 hizkuntzatara itzuli.

Wiki-hiri izateko bigarren baldintza teknikoagoa dela esan genezake: artikulu horiek guztiak QRpedia teknologia baliatuz gizarteratu behar dira. Hala, artikulu bakoitzari QR kode bat esleitu eta kode hori artikuluari dagokion hiriko txokoan jartzen da. QR kode horiek berezitasun bat izan behar dute gainera: kodea eskaneatzeko erabiltzen den Smartphone-ak lehenetsita duen hizkuntzan erakutsi behar dute artikulua. Turismoa sustatzeko ekimen oso interesgarria izan daiteke, azken finean, hiriko txoko esanguratsuen gida moduko bat jartzen delako bisitarien eskura.

QRpediak eskaintzen dituen baliabideak hirian modu eraginkorrean eta txukunean erabiltzeko, noski, lan espezializatua beharrezkoa da. Monmounth herrian ezinhobeto egin zuten lan hori. Hiriko txoko bakoitzari ondoen egokitzen zitzaion euskarrian jarri zioten QR kodea. Hala, adibidez, eraikin, monumentu eta kale historikoei jartzeko portzelanazko kodeak egin zituzten, museoetarako plastikozkoak eta herriko denden erakusleihoetan jartzeko pegatinak. Lan hori, gainera, Wikipediaren komunitate ireki eta parte-hartzailean oinarrituta, herriko jende askoren artean gauzatu zuten, eta QR kode horiek zituzten kamisetak, giltzatakoak edota pastelak ere egin zituzten. Herritar bakoitzak bere arloan egin zezakeen ekarpenarekin lagundu zuen.

Amarapedia
Euskal Herrian ere badugu halako proiekturik martxan. Donostiako Amara auzoa izan da lehena. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak sustatutako aurtengo Olatu Talkan, hainbat eragileren laguntzari esker, auzoarekin lotutako 100 artikulu baino gehiago sareratu zituzten. Twitterrren #amarapedia traola erabili zuten ekimena sareratzeko. Olatu Talkan indarrak batu eta lanik potoloena gauzatu zuten, baina proiektuak bizirik darrai nahi duenak ekarpenak egin ditzan.

Halako proiektu bat aurrera eramateko, hainbat gaitan jantzia den jendearen laguntza behar da; ez dira soilik informatikariak behar! Eta, adibidez, Wikipediara artikuluak nola sareratu ez dakienik baldin badago, Olatu Talkan egin zuten bezala, nahikoa da laguntzeko prest dauden horientzako ikastaro irekia egitea. Behin oinarrizko ezagutza barneratuta, hizkuntzak dakizkitenak, auzo, herri edo hiriari buruzko informazioa nola lortu dakitenak, artikuluak txukun idazten dituztenak, argazkilariak… orotariko jendea da beharrezkoa. Baldintza bakarra lan egiteko prestutasuna.

Antza, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, Donostia osotasunean hiriburu digital bihurtu nahi da. Antolakuntzak egituratze lan handia eskatuko du, baina herritarrek proiektua eurena egin eta bakoitzak bere hondar alea jarrita ziur lortuko dela!

Harritu gaitu



Net Video Hunter
Firefox nabigatzailearentzako luzapen bat da. Luzapen hori instalatuta baduzu, ikusten ari zaren edozein bideo zure ordenagailura deskargatu ahal izango duzu.

Informazio bila



Khan Academy
"Edozer gauza ikasi dezakezu" leloa oinarri duen akademia digitala. Hamaika gairen inguruko ezagutza maila hobetzeko ikastarotxoak eskaintzen dituzte, oso modu bisualean.

Katxondoena



Fuck Jerry
Lau milioi jarraitzaile ditu; Instagram sare sozialean dagoen pertsonaiarik barregarrienetakoa dela esan daiteke. Bere proposamena meme-etan oinarritzen da.