Urtarrila DATORRENA ETOR DADILA

Urtarrila DATORRENA ETOR DADILA https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urtarrila-datorrena-etor-dadila/@@download/image/aisia06_1483961665.jpg
2017/01/09
erreportajea
Bud Letona
Urtarrila DATORRENA ETOR DADILA
Bete dugu tripa, mahai inguruan bildu gara eta familia giroak berotu digu negua. Urteari ekin behar orain, asmo berriei, ahaztutakoei eta egunerokotasunaren desafioa onartu, urte honek ere gogoangarria izan behar du eta.

Ez omen dugu denbora librerik, joan nahi nuen baina ezin. Ibil gaitezen fin, aukeraketa ona egin, eta egunari esan gure bila badabil, aurkituko gaituela hor nonbait une bereziren batekin, eta egin, denbora libratzeko ahalegin, dantza, musika, eta giza berotasuna ondoan dituzu zurekin; bada zer ikusi, ikasi, eman eta jaso, eta akaso, urteko astelehen hau igaroko dugu irribarre atenporal batekin.

EGUNERO EGIN BEHAR DA HEGAN

Noraezean batzuk, besteak helmuga ezarriaekin, hegoak astinduz bagoaz determinazio osoz. Ipar Euskal Herriko bazter orotan eta ezohiko lekuetan lau kontzertu berezi eskaintzeko asmoz, Biarritzeko Atabalek eta Euskal Herria Zuzeneko(EHZ) lagunek Urtarrilaren 22a bataiatu dute HEGALALDIA #4 izenaz.
Biarritzeko Museo Historikoan topatuko gara beraz!; Arman Melies eta Franck Cazenave elkartzen dituen GRAND VOLCANO Eruption ikus-entzunezko proposamen esperimentala eta Paul Régimbeau zein Greg Buffierek osaturiko Autrenoir musika instrumentalez lagunduta.

POESIA ETA MUSIKA UZTARTU

Jon Garmendia eta Xabi Solanok Bat eta bat gara GU errezitaldia aurkeztu dute jadanik zenbait txokotan, poesia zein musika nahasten dituen unibertso honetan, lurreratuko dira Azkainen hilaren 13an eta Ziburun hilaren 15ean.
Honez gain, Barnekaldeko Irakurleen Klubak ekimen berezia prestatu du Mikel Peruarena Ansaren Su Zelaiak liburuaren inguruan aritzeko. Zita Maule-Lextarreko mediatekan izango da urtarrilaren 14an.

AZOKAK DIRAU!

Durangoko Azokaren ajea pasa ezinda, eguberriekin zorrak kitatu ostean, ba al da oraindik ere urte osoan aurreztutako sosik baduenik? Hala bada, 8. Disko Azokaz gozatzeko aukera izango da hilaren 15ean Biarritzeko Atabal aretoan. Inguruko zigilu, argitaletxe eta bestelakoen uztaz gozatzeko aukera, goizetik arratsaldera, lagunekin bada, itzela, norberaren itzalarekin bestela.
Egurra, beraz, urte hasiera honi. Arakatu barrenak, denbora libratu, bildu gogoak, lepotik heldu lagunei eta segi kalera, alferkeriaren beste aldera; hitz bat, dantza mugimendu edota akorde huts bat baitago ezinetik nahiera.