Udako maitasunak

Udako maitasunak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-maitasunak/@@download/image/udara_sexua2_1435308053.jpg
2015/06/26
erreportajea
Testua: Ander Lertxundi. Arremanitzeko Kolaboratzailea @Arremanitz
Udako maitasunak
Oporraldiaren ostean, egunerokotasunera bueltatzeak sortzen duen
ezinegonaz haratago bestelako sentipen desatsegin bat izango duzu agian.
Oporretan ezagutu duzun maitalearekin harremana jarraitzekotan geratu zara? Zein baldintzatan? Orain arte bezain erraza, polita eta bizia izango al da?


Udako maitasun harremanek, urteko beste sasoi batzuetan piztutakoekin alderatuta, bestelako izaera izaten dute: biziak, dibertigarriak, kezkarik gabekoak eta oso erotikoak izan ohi dira; baina iraungitze data dute?

Udan aisialdi denbora gehiago izaten dugu, estres gutxiago, arropa arinagoarekin ibiltzen gara, jende berria ezagutzen dugu (sarritan, jai giroan), etxetik kanpo lotsarik gabe ibiltzen gara... Horrek guztiak irekiagoak eta aldez aurretiko jarrera ona izatera bultzatzen gaitu sarritan, mota guztietako harremanak sortzeko aukerak areagotuz, baita erotikan, hau da, desiran, oinarritutakoak ere.

Maitasun harreman horien ezaugarri nagusietakoa da oso biziak izaten direla. Aisialdi denbora asko izateak pertsona berriarekin nahi adina egoteko aukera ematen digu, eguraldiaren laguntzarekin, gau amaigabeak baliatuta. Gainera, arropa gutxirekin ibiltzeak azalen arteko kontaktua errazten du, laztanak, gorputz intimitatea eta jokabide erotikoak sortzeko aukerak handituz. Horiek guztiak batuta, ez da arraroa harreman horiek beste garai batzuetan sortutakoak baino azkarrago joatea.

Hala ere, badira beste hainbat faktore. Hasierako maitemintzearen pasioa gorenean dagoenean amaitu ohi dira harremanok, eta amaitzen ez badira, baldintzak asko aldatzen dira. Beraz, maiteminduak gauden denbora horren idealizazioak ere eragina du sentitzen dugun bizitasunean. Era berean, askotan, udako maitasunak lehen maitasunak ere izaten dira, horrek ekarri ohi duen guztiarekin.

Udarekin amaiera
Batzuetan, erabat kontziente gara uda edo oporraldia amaitzean harremana ere bertan behera geratuko dela, eta, gezurra badirudi ere, askok hori positibotzat hartzen dute, momentuaz inoiz ez bezala gozatzeko abagunea baitute, ondoren etorriko liratekeen ondorioetan pentsatu gabe.

Beste kasu batzuetan, ordea, harremaneko kideetako batek, edo guztiek, harremanak etorkizuna izateko itxaropena edukitzen dute. Halakoetan, denetarik gerta daiteke: denbora batez elkarrekin jarraitzea, nahi baino lehenago amaitzea edota bizitza proiektua batera eraikitzeari ekitea. Azken kasu horretan, aldatuko diren baldintzetara egokitzea da gakoa: betebeharrak, estresa, elkarrekin egoteko denbora urria...

Udarekin amaitu ala ez, badirudi udan sortutako harremanek gozatzeko parada ezinhobea eskaintzen dutela; gauzkak horrela, adi, uda bete-betean gaude eta!

Hitzetatik ekintzetara



Love Sparks
Zure bizitza sexualak originaltasuna behar badu, ez larritu. Love Sparks aplikazioak zeregin horretan lagunduko dizu, eta, aurrerantzean, sexu harremanak izateko postura eta tokiak egunero aldatuko dituzu! Ezusteko zitak prestatzen ere lagunduko dizu. Ondoren, jazotakoa puntuatu eta zuen postura zein lekurik gustukoenak zeintzuk diren esango dizue, baita zertan hobetu dezakezuen ere. Eta pasahitzari esker, guztia ezkutuan egingo duzu!

Pure
Askatasun sexualaz gozatzeko aplikazioa da. Pure erabiltzen dutenek maitasunak behin betiko lotu behar ez dituela sinetsitakoak dira. Beraz, harreman sexualak batekin eta bestearekin aske izateko konpromisoa hartzen dute aplikazioa erabiltzen badute. Aplikazioak hainbat galdera eginda, profil bereko pertsonen arteko elkarketak proposatuko ditu. Diskrezio osoz erabili daiteke; mugimenduak borratu egiten dira aplikazioa erabili ondoren.