Tulsa: "Abiapuntu berria plugin eta sintetizadoreek eman didate"

Tulsa: "Abiapuntu berria plugin eta sintetizadoreek eman didate" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tulsa-quotabiapuntu-berria-plugin-eta-sintetizadoreek-eman-didatequot/@@download/image/tulsa_1425634452.jpg
2015/03/11
elkarrizketa
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Gran Derby Records
Tulsa: "Abiapuntu berria plugin eta sintetizadoreek eman didate"
Bigarren diskoa kaleratu ondoren, atseden hartzeko tenorea heldu zitzaion Tulsari. Oholtzatik jaitsi, maleta egin eta New Yorkera joan zen Miren Iza (Hondarribia, 1979) bizitzera. Abestiak deseraikitzen jakitea horiek eraikitzea bezain garrantzitsua dela ikasi ondoren, indarberrituta dator ‘La calma chicha’ lanarekin.


Nahiz eta musika ez izan New Yorkera eraman zintuena, gitarra eraman zenuen. Topatu al zenuen bertan musikalki asetu zintuenik?
Ezeren bila joan ez nintzenez, espero nezakeena topatu nuen. Ez nuen bertan jo edo grabatzeko asmorik. Gainera, abestiak sortzeko hemengo musikariak nituen gogoan. Badakit eszena batean sartzeak zein ondorio dituen, eta ez nuen inolaz ere bide horrek dakarren frustaziorik bizi nahi. Batzutan, erosoagoa da zenbait gauzarekin ez saiatzea. 

Bi EP kaleratu dituzu, eta azkenengo hau, ‘La calma chicha’, zure hirugarren luzea da.
Bai, eta era berean oso laburra da.

Jarraitzaileak diskoaren esperoan zirela esatea, ez duzu gehiegi atsegin, ezta?
Jendeak diskoa espero duela uste du, baina ez da horrela. Bat-batean datorrenean erreakzioa izaten baita: "A, bai, disko berriaren esperoan nintzen!". Aizu, hori ez da egia! Alde egiten duzunean jendeak ahaztu egiten zaitu, eta gainera, horrela izan behar du.

Ikuspegi horretatik, nola bizi duzu ‘La calma chicha’-ren harrera?
Oso zoriontsu! Diotsudan bezala, nik ere nire bidea egin dudala azal diezazuket. Charlie Bautista, Javi Carasueño eta hirurok primeran pasa dugu diskoan lan egiten. Behin kaleratuta, kritika onak izan dituela jakiteak zorion handia ematen du. Biziki eskertuta nago.

Zure hitzak entzunda eta aurreko lana kaleratu zenuetik bost urte igaro direla kontutan hartuta, burutik pasa al zaizu musika betiko uztea?
Bai! Kar, kar, kar. Baina burutik maiz pasatzen zaidan kontua da. Orain, atzera begira, benetako atsedena hartu izana zeinen askatzailea izan den konturatzen naiz. Horri esker, hasieran neukan ilusioarekin eutsi ahal izan diot proiektu berriari.

‘Espera pálida’ bigarren lanarekin orain izan ez duzun presioa izan zenuen.
Bai, aurrenekoa gogoetazkoa izan ohi den bezala, bigarren lanak beti pizten du nolabaiteko kuriositatea. Nire kasuan ez dut uste eragin handia izan zuenik; esango nuke oso disko ilun eta esker txarrekoa egin nuela. Soinu aldetik jendeak zugandik espero duenari izkin egin behar diozu.

Dentsitate ilun hori lortzeko, Lisabö taldeko Karlos Osinaga ‘Txap’ izan zenuen soinu teknikari, eta Anarik ere abestu zuen kanta baten. Sinergia horiek nola sortzen dira?
Jendearengana hurbiltzeko ditudan motibazioak musikatik urrun daude. Bigarren diskoaren garaian, zeharo zaletu nintzen Lisaböra, ‘Txap’ ezagutu eta oso gogoko izan nuen. Anariren diskoak grabatzen dituenez, koherentea iruditu zitzaidan berak grabatu zezala nirea. Baina egia esan, grabatzearena gerora etorri zen kontua izan zen; hasierako motibazioa beti afektiboa da, pertsonala, eta ondoren aitzakia bilatzen dut diskoan nahi ditudan lagunak sartu ahal izateko. Atsegin dut grabatzen dudan jendearen ukitu pertsonala abestietan agertzea.

Hirugarren lan honetan, zure ibilbidearekin koherentea den beste norabide bat hartu duzu. Abestiek metaforekin jantzitako istorio bisualak kontatzen jarraitzen dute, baina orain gitarrek eutsi beharrean, sintetizadoreek eusten diote soinuari. Nola etorri da aldaketa?
Asko gustatzen zait bisuala dela esaten duzunean. Aldaketa nabarmenena hori da, baina sormen lana aurrekoen antzekoa izan da; gitarrarekin eta ahotsarekin. Behin abestia eginda, horiek deseraiki nahi nituen, suntsitu, eta beste puntu batetik eraiki. Abiapuntu berria plugin eta sintetizadoreek eman didate.

Zergatik erabaki zenuen ‘La calma chicha’ Javi Carasueño eta Charlie Bautistarekin grabatzea?
Aldaketa behar nuelako. Alde batetik, askorik ezagutu ez arren, banekien Javi Carasueño soinu berrien eraikuntzan aditua dela. Eta bestetik, Charlie laguna nuen, eta akatsik egiten ez duen musikaria da. Hasieratik primeran funtzionatu dugu. Lan handia izan da, konpas bakoitzean soinu berriak probatzeko plugin bat sartzen ibiltzearekin alderatuta, oso ezberdina baita gitarrarekin hasieratik amaierara arte aritzea.

Beste kolaborazio bat ere izan duzu grabazioan; azkenik heldu da McEnroerekin kolaborazioa!
Bazen garaia, bai! Hamaika opari egin dizkit eta zor nion. Bera zen buruan neukana kanta hori idatzi nuenean. Askotan etortzen da nire etxera Madrilera eta horren guztiaren ispilu da abestia.

Familia artean ibiltzea gustatzen zaizula dirudi. Emanaldiak eskaintzeko zein da zuretzat irudi perfektua?
Galdera ona da. Oraindik oso dibertigarria egiten zait furgonetara igo eta taldearekin egotea. Atsegin ditudan tokietan jotzeko gogotsu nago eta, nolabait erosoak diren horietan. Aitortu behar dut, azken biran ez zitzaidala oroitzapen ona geratu. Zazpi pertsona ginen batetik bestera, hamaika tokitan izan ginen eta taldea erre egin zen apur bat. Horren beldur naiz.

Zer da ‘La calma chicha’?
Itsasoa bizi duen jendeak asko erabiltzen duen esamoldea da. Itsasoa lau eta bare dagoenean da, haizerik jotzen ez duenean, hortaz, inork ez du atera nahi ez baitago ezer egiteko. Oso ondo konektatzen du azken urteetan bizi izan dudanarekin; itxaronaldi pasiboa, zenbaitetan oso lasaia eta beste batzuetan larriagoa.

Itxaronaldietan zerbaiten esperoan egoteak mina zor dezake. Emankorra al zaizu hori sortzeko?
Kar, kar, kar! Gaur hain justu esan didate: "minak gogoa pizten du". Egia da, joera konstante hori daukadala, baina benetan badira inspiratzen nauten hamaika gauza. Irudi batekin hasi, eragin eta eragin,  eta nolabaiteko min ilunera eramaten amaitzen dut. Abesti batek zentzu emozionala izan behar du.

Amaitzeko, hastapenera. Tulsa izenarekin ezagutu zintugun. Bada erreferentzia literario eta musikal anitz biltzen dituen hitza. Orain aldiz, zu zara erreferentzia guzti horien parte zarena.
Urteekin uste dut erreferentzia guzti horietaz hustu egin dela Tulsa eta beste hainbat kontuekin bete. Apurka-apurka gero eta nireagoa egiten joaten naizelako. Egia esan, orain urruti geratzen zait hasierako erreferentzialtasun guzti hori, nahiz eta, artistikoki jarraitzen dudan erosoago Tulsa izena erabiltzen Miren Iza erabili beharrean.