Trapped

Trapped https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/12
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Trapped
Urtea: 2016.
Sortzailea: Baltasar Kormákur.
Herrialdea: Islandia.
Denboraldiak: Bat. (Badirudi bigarrena datorrela).
Atal kopurua: 10.



ZERGATIK IKUSI
• Gertutik jarraitu beharreko aktore berri bat ezagutuko duzuelako: Olafur Darri Ólafsson. Hollywooden paper txikietan azaldu da dagoeneko, True detectiven lehenengo denboraldian, esaterako. Bere herrialdean, Gérard Depardieu islandiarra bezala ezagutzen dute iada.
• Traman, ezinbesteko beste pertsonaia bat ageri delako: Islandiako naturaren indar ikaragarria, neurri batean, argazki zuzendaritza eta soinu banda bikainari esker lorturikoa. Egoera meteorologiko gogor eta latz baten menpe, akzio guztia izozturiko hamar egunetan zehar igarotzen da. Ikusleari gutxitan ikusitako hotz sentsazioa sorraraziz. 
Bron/Broen eta Forbrydelsen telesailek zuten iluntasun horren printzak dituelako, baina baita Fortitude ala Fargok erabiltzen zuten klaustrofobia eta klimatologia gogor une horiek ere. Nazioartean, "Nordic noir eta Agatha Christieren artekoa hibrido bat" dela diote. Ados.
• Islandiarrez, danimarkarrez eta ingelesez errodaturik egoteak, sekulako aberastasuna ematen diolako telesailari. Beraz, beti bezala, jatorrizko hizkuntzan ikustea ezinbestekoa. Hori bai, pertsonaien izenekin ez nahasteko, bolaluma eta koadernoa erabiltzea zinez gomendatzen dizuet.

BINGE WATCHING
Hamar atal besterik ez dituenez, hobe patxadaz gozatzea.

BITXIKERIAK
• Telesaila nazioartean ezagutzera emateko, Trapped (harrapatua) izenburua aukeratu dute.
• Lehen begiradan, 300 mila biztanle inguru dituen herrialde honek pantaila txikiaren industrian zeresana emango zuenik ezinezkoa zirudien. Baina datuek, ordea, kontrakoa diote: Frantzian eta Ingalaterran sekulako audientzia mailak izan ditu, Irlanda eta Alemaniako telebista kateek aireratze eskubideak bereganatu dituzte. Baina agian, datu ikaragarriena bere herrialdean lortu du, Islandian, azken atal bikoitzak %90eko share harrigarria izan baitzuen.
• Apustu ausarta izan zen ekoizleentzat. Hilabetez, Islandiako Ipar-ekialdeko fiordo bateko Seydisfjoduk herri arrantzalean errodatu baitzuten, klimatologia oso gogorrari aurre eginez. 6,5 milioi euroko aurrekontuarekin, ekoizpen islandiar batek normalean izaten duen aurrekontua sei aldiz biderkatuz. Herrialde horretan sekula errodatu den fikziorik garestiena da.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
Fortitude (2015-…)
Fargo (2014-…) 169. GAZTEZULOn.
Bron/Broen (2011-…) 167. GAZTEZULOn.