Topaketa erotikoen maiztasuna eta asebetetze sexuala

Topaketa erotikoen maiztasuna eta asebetetze sexuala https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/12/15
erreportajea
Testua: Maider Jericó eta Ander Lertxundi
Topaketa erotikoen maiztasuna eta asebetetze sexuala
Datorren urterako asmoen zerrenda osatzen ari zara? Zure bizitza erotikoa hobetu nahi duzu? Hona pista batzuk, amaitzear den urtea sexu-kontuetan nolakoa izan duzun aztertzeko eta aurrera begira zure sexu asebetetzea hobetzeko.
Bikote askoren ohiko kezken artean topaketa erotikoen maiztasunari buruzkoak daude. Kantitateari kalitateari baino garrantzia handiagoa ematen dion gure sexualitate ereduan, batazbesteko estatistikoaren azpitik egoteak kezkatzen gaitu.

Duela urte gutxira arte harreman erotikoak txartzat hartzen zirenez, maiztasuna txikia izatea zen egokia. Iraultza sexualaz geroztik kontua aldatu egin da, eta maiztasun handia izatea jotzen da orain egokitzat, osasunaren eta askatasunaren izenean.

Gaur egun, harreman erotikoak gutxieneko maiztasun jakin batekin izaten ez baditugu gaizki sentitzen gara, eta egonezin hori egin beharko genukeela suposatzen denari lotuta dago, norbere nahiekin lotuta baino gehiago.
Bikoteetan ohikoa da kideen desio maila desberdina izatea, eta horrek harremanean zailtasunak sor ditzake. Topaketa erotikoen maiztasuna nahi baino baxuagoa bada, frustrazio sentimendua azaldu daiteke. Aldiz, maiztasuna nahi baino altuagoa bada, betebehar bezala hauteman ditzakegu harreman erotikoak.
Gainera, bikotekideen arteko ezberdintasun horiek, sarritan, koitoarekin lotzen ditugu soilik, sarketa hartzen baitugu harreman guztien funts eta amaieratzat. Horrela, muxuak, laztanak eta beste jokaera batzuen desira izanda ere, ezetz esaten dugu, amaiera ´logikora´ iritsi nahi ez dugulako. Egin nahi ez dugunari ezetz ez esateko beldurrez, nahi dugunari esaten diogu ezetz, bikotea eta kide biak gustura elkarrekin egoteko aukera galduz.

Aldatu ikuspuntua
Horiek horrela, gure sexu topaketen maiztasuna estatistikek esaten dutena baino baxuagoa izan arren gure desirarekin bat datorren aktibitate erotikoa badugu, ez du zentzurik frustratuta sentitzeak. Hortaz, has gaitezen sexu asebetetzea norbere ikuspuntuaren arabera balioztatzen!

Azken finean, frustrazio sentimenduak inposatutako ereduaren ondorio dira gehienetan. Gogoratu norberak jartzen dituela arauak, beraz, honen guztiaren inguruan hausnartzea gure harremanen kalitatea hobetzeko bidea topatzeko baliagarria izan daiteke.

Sexuak tartean dauden kasu guztietan bezala, elkartze erotikoen maiztasunean ere aniztasuna da ezaugarri nagusia, eta pertsona eta harreman bakoitzak izango ditu bere nahiak, desirak eta denborak. Desberdintasun horiek esploratuz eta gozatuz sorpresa politak aurki ditzakegu. Beraz, zure urtea maila erotikoan nolakoa izan den baloratzeko prisma aldatuz gero, datorren urtean ziurrenik emaitza bikainak izango dituzu!