Shailene Woodley: Heldu da

Shailene Woodley: Heldu da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/shailene-woodley-heldu-da/@@download/image/aktorea_shailen_1427464372.jpg
2015/04/13
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
Shailene Woodley: Heldu da
Bederatzi urte zituela, 'I am Sam' (2001) filmerako kastina egin zuen, Sean Pennen alaba izateko asmoz. Papera, ordea, Dakota Fanning-i eman zioten.


Umea frustraziora bidean zela, ondokoa esan zion aitak: "Shai, itxi begiak, irudikatu Dakota eta bidalizkiozu maitasuna eta argia, egunen batean zuri egokituko baitzaizu mundu guztiak nahi duen paper hori, eta orduan, zure lekua lortu ez duten nesken babesa eta indarra beharko baitituzu".

Lehen lan garrantzitsua telebistan aurkitu zuen: The Secret Life of an American Teenager. ABC katearen ekoizpenean, hamabost urterekin haurdun geratzen den gaztea gorpuztu zuen. Adituen kritika negatiboak jaso arren, telesailak ikusleen oniritzia jaso zuen, eta lehen denboraldiko azken atalak Gossip Girl entzutetsuaren egun bereko atalaren audientzia bikoiztu zuen. Kritikariak ere begi onez ikusten hasi ziren, eta bost denboraldiz luzatu ziren Amy Juergensen gorabeherak.

Nerabe estatubatuarren idolo bihurtuta, Disneyren edozein produkturekin egin zezakeen pantaila handira jauzi, baina ez, egokitutako gidoirik onenaren Oscar saria irabazi zuen The Descendants (2011) sotilean izan zen, Sean Pennek utzitako arantza kendu eta George Clooneyrik onenaren alaba gisa. Lehen filma, Urrezko Globoetan izendapena eta Independent Spirit Awards sarietan bigarren mailako aktore onenaren garaikurra.

Hortxe aitaren hitzak gogoratu eta eleberri arrakastatsuren baten eskutik sari potoloaren bila joateko momentua. Jennifer Lawrencek The Hunger Games sagarekin hasitako bide heroikoari ekin ala Saoirse Ronanek The Lovely Bones intimistarekin erakutsitako alternatibari eutsi? Eta zergatik ez biak? Izar konsagratuen artean ere gutxi izango dira urte berean Shailenek iaz erdietsitakoa lortu dutenik. Alde batetik, Divergent abentura distopikoarekin Hollywooden etorkizuna emakume borrokalari liderrak izan daitezkeela berretsi du. Bestetik, The Fault in Our Stars negar-eragilearekin dramak ere begirada femeninotik diru gehiago egiten dutela erakutsi du. Dolar-jaiak jarrai dezala hilabete honetan Insurgent trilogiaren bigarren partearekin.