Sexua askatasunez bizitzeko konfiantza beharrezkoa da

Sexua askatasunez bizitzeko konfiantza beharrezkoa da https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/11/16
elkarrizketa
Sexua askatasunez bizitzeko  konfiantza beharrezkoa da
Ana Iruretagoyena eta Malen Aldalur

Irati Urkiolarekin batera (1992, Donostia), Ana Iruretagoyena (1992, Ordizia) eta Malen Aldalur (1992, Mutriku) kazetariek Klitto! euskarazko atari feminista sortu dute. Generoa ardatz, sexuaz ere askatasunez bizitzera gonbidatzen gaituzte.


Maitasun erromantikoaren alde edo kontra?
Ana: Birformulatu dezagun Nietzsche: Hil da maitasun erromantikoa, gora sexu askapena!
Malen: Maitasun erromantikoak kate asko ditu eta bada ordua horietatik libratzeko!

Klitto! diozue baina gauzak argi al dituzue zuek sexu kontuetan?
A: Sexu kontuetan argi dudan gauza bakarra izango da, behingoz, plazera jartzen dugula erdigunean (eta gure ‘klitto’ ere bai).
M: Buff... nik zalantzak bizitzako arlo guztietan ditut, baita sexu kontuetan ere. Hori bai, nahi bezala, baina gozatzeko helburuarekin.

Euskal Herrian ba al dakigu larrua jotzen?
A: Atzerrian bezain ondo eta bezain gaizki. Esan nahi dudana zera da… nire larru jotzerik onenak Euskal Herrian izan dira, baina baita txarrenak ere.
M: Hala espero dut, hemendik kanpo gutxi jo dut-eta!

Eta ligatzen?
A: Larru beharrak asetzeko beste bai behintzat!
M: Batzuk besteak baino abilagoak dira/gara, baina ez dut uste hori jatorri kontua denik, jolaserako abilezia baino!

Sexurako kidea lortzeko hobe limurketa jokoan erori edo adostasuna hitz eginez lortu?
A: Fitxak sartzeagatik kredituak konbalidatu izan balizkidate… karrera urte bakarrean aterako nukeen!
M: Limurketa ezinbestekoa da, bestela negoziazio soila hotzegia litzateke. Baina garrantzitsua da adostasuna hitz eginez lortzea.

Zuek zerk limurtzen zaituzte?
A: Diskurtso inteligente-intelektual-interesgarriek eta ahots sexiak.
M: Berriketak. Oso berritsua naiz, larrua jotzen bakarrik lortzen dut isilik egotea.

Zein da sexua askatasunez bizi ahal izateko giltza?
A: Sexua askatasunez bizitzeko konfiantza beharrezkoa da. Eta gorputza bere osotasunean interpretatzea plazer iturri eta emaile bezala.
M: Ados Anarekin!

Eta zer ezin duzue jasan?
A: Sexu harreman normatiboak, lotsa, inhibizioa, adostu gabeko praktikak...
M: Harremanaz ez hitz egitea, adostasunik ez bilatzea, jabetza...

‘Klitto!’ sortu zenutenetik, jaso al duzue sexu proposamen erorik?
A: Jaso baino gehiago, neuri balio izan dit proposamen lizunak egiteko aitzakiatzat.
M: Ummm… zain nago oraindik!

Zein da txortan egin duzuen tokirik eroena?
A: Ametsetan.
M: Tokietan baino momentu eroetan egin izan dut txortan.