Sex On The Beach

Sex On The Beach https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sex-on-the-beach/@@download/image/ilustrazioa_mu_1467292709.jpg
2016/07/14
erreportajea
Zuriñe Maguregi @zmaguregi Ilustrazioa: Mikel Urkia
Sex On The Beach
Gaur energiaz altxatu naiz, kontentu. Soineko koloretsua jantzi eta egunari haginka egiteko gogoz. Eguzkiak begi-niniak txikitzen dizkit eta gurutzatzen ditudan ezagunak irribartsu agurtu ditut kaleko beste espaloitik. Termometroak gora eta goibeltasun maila behera doaz erritmo berean. Uda iritsi da.

Hiru hilebetez, eguneko argi orduak luzeagoak izango dira eta negualdian gordetako energia kanporatzeko prest sentitzen gara. Izan ere, udako oporretan gure konfort gunea zabalagoa igarten dugu eta urtean zehar burutik pasako ez litzaizkigukeen gauzak egiteko gogoa pizten zaigu.

Etxetik kilometro batzuk baino ez gara urrundu behar bizitza ikuspegi irekiagoz kontenplatu ahal izateko. Sekula bisitatu ez ditugun lekuetara joaten gara, pertsona ezezagunekin begirada gurutzatzen dugu, gorputza astintzen dugu udako abesti madarikatuen inertziaz, eta bost axola zaigu.

Garai honetan mugak, aurreiritziak eta kezkak kajoian uzten ditugu, mugikorra eta ordulariarekin batera. Nahi duguna izan gaitezke, jatorri eta ogibide berri bat asmatu dezakegu, ordurate ausartzen ez ginen janari exotikoak dastatu, hondartzan sexuaz gozatu... pertsona berri bat bilakatu. Esperientzia berri bakoitzak pila kargatuko digu; itzuliko garen egunerokotasunari aurre egiteko txutea izango da.

GAZTEZULOn ere, langak hautsi eta benetan nahi duguna izateko aprobetxatuko ditugu datozen hilabeteak. Irailean haize freskoaz itzuliko gara, kolaboratzaile eta proiektu berriekin batera. Lotsa eta autokontrola kajoian utzita, hilabete hauetan gozatutako esperientziek beharrezko energia emango digute garai berriei sekula baino gogo handiagoz heltzeko.